Festa giro ederra eta betea, Beasainen
Herritarrez bete dira kaleak, eta hamaika jarduera egin dituzte goizean goizetik. Arratsaldeak ere emango du gozamenerako tarterik.
Odolkia aitzakiatzat hartuta, sekulako festa egin dute beasaindarrek. Giro ederrean jendez bete dira herriko kaleak, eta musika doinuak entzungai dira non-nahi. Goizean goizetik hasi dituzte jarduerak, Doinuzar gaiteroen esna deiarekin. Bertako produktuz hornituriko postuek ere kaleak hartu dituzte goizeko aurreneko ordutik, eta ez da jenderik falta izan goiz osoan zehar.
V. Erraldoi eta Buruhandien Bilkurak nabarmen lagundu du giroan. Ekaitz konpartsak udalaren laguntzaz antolatuta, Nafarroako San Adriango konpartsak, Gipuzkoako Alegiko konpartsak, Bizkaiko Bihotza konpartsak eta Arabako Laudioko erraldoiak taldeak parte hartu dute bilkuran, eta hamaika txokotako buruhandi zein erraldoiak ikusgai izan dira, nola goizeko erakusketan, hala eguerdi aldeko kalejiran. Eta ez hori bakarrik. Beasaingo Zanpaldunek taldeko joaldunek ere behin eta berriz astindu dituzte zintzarriak kaleetan zehar, Uztaritzeko Kotilunak eta Lazkaoko JTK taldeko joaldunekin batera.
Arratsaldean ere jarraituko du jaiak. 16:30ean Sardiña freskue kale antzerkia izango da Erauskin plazan, 19:00etan, berriz, joaldun izan nahi luketen herritarrentzako entsegu irekia Loinazko San Martin plazan. Ordu berean hasita, Legazpiko Xaukena elektrotxaranga arduratuko da iluntzera arteko doinuak jartzeaz.
Argazkiak: Izaro Villarreal













