Ordizia ‘harrera herria', berriz ere
Hamaika herrialdetako arrozak dastatzeko aukera izango da gaur Ordizian, Munduko Arrozak egunaren harira. Kulturen Arteko X. Topaketaren baitako azken jarduera da.
Ordizian ospatzen ari diren Kulturen Arteko X. Topaketaren barruan, Munduko Arrozen Eguna dute gaur. Otordu bat prestatzen eta ondoren mahaiaren bueltan, jatorri ezberdinetako eta askotako herritarrak elkarrekin esertzea zuen helburua oraingoan ere. Ia 400 pertsona inguru bilduko dira aurtengo bazkarian ere, eta beste hamarnaka herritar zein eragilek ere lagunduko dute antolaketan.
Goizean goizetik hasi dira arrozak prestatzen, pilotalekuan egokitutako sukaldeetan, eta denera, hamaika herrialdetako arrozak izango dira dastagai: Algeriarrak, Boliviarrak, Ekuadorrekoak, Ekuatore Gineakoak, Kolonbiarrak, Malitarrak, Nigeriarrak, Pakistandarrak, Mendebaldeko Saharakoak, Valentziarrak eta Euskal Herrikoak.
Bazkalostean, bingoa izango da bazkaltzera bertaratzen direnentzat, eta haur jolasak, berriz, etxeko txikienentzat. Grace and Victory choir taldearen kontzertua ere izango da, 17:30ean hasita, eta ordura arte ere ez da musika ez dantzarik faltako.
Argazkiak: Izaro Villarreal













