Zaldibiako Beko Harategia, Beasaingo odolkiaren 'errege' berria
Aurreneko aldiz, Zaldibiako Pili Sukia eta Diuvel Alvarez odolkigileek irabazi dute 41. Dastatze Lehiaketa. Bigarren postuan geratu da Olano, bi puntura. Hamar odolkigilek parte hartu dute, goierritarrak lau.
Pili Sukia eta Diuvel Alvarez, irabazle berriak. Izaro Villarreal Azken urteetan izandako arrakastari jarraiki Olanoren aldeko kinielak eginak zeuzkaten beasaindarrek gaur goiz-eguerdian jokatu den 41. Dastatze Lehiaketarako, baina Beasaingo odolkiaren ‘errege’ berriak izen berria du: Zaldibiako Beko Harategia. Pili Sukia eta Diuvel Alvarez zaldibiarrak dira harategiaren jabeak; orain sei urte egin ziren bazkide eta ordutik Ordizia zein Ormaiztegiko zenbait lehiaketa irabazi badituzte ere, aurreneko aldiz nagusitu dira Beasainen.
Hamar odolkigilek parte hartu dute txapelketan. Goierrikoak lau izan dira: Beasainmendiko Odolkiak (Beasain), Beko Harategia (Zaldibia), Olano (Beasain) eta Mujika Odolkiak (Ordizia-Beasain). Horiekin, Txarri Txiki (Aia), Josu Harategia (Aretxabaleta), Kepa Loidi (Orio), Jabier Iraola Harategia (Asteasu), Josean Izagirre Harategia (Arrasate) eta Muñagorri (Tolosa) lehiatu dira.
Odolkiaren zaporea, testura, usaina eta aurkezpena izan du kontuan lau adituz osaturiko epaimahaiak: Elisa Belauntzaran (El Diario Vasco egunkaria), Luisa Lopez (Repsol Gida), Jesus Santamaria (Pintxoaren Donostiako Institutua) eta Aitor Santamaria (Hotel Zenit Convento San Martin). Epaimahaiak azaldu duenez, hasieratik “garbi” izan dute aurtengo odolki irabazlea.
Lehia estua izan da goierritarren artean. Zaldibiako Beko, Beasaingo Olano, Orioko Kepa Loidi eta Arrasateko Josean Izagirre izan dira finalera sailkatu diren odolkigileak, baina azkenerako, goierritarren artean izan da norgehiagoka. Azkenerako, horrela geratu dira sailkapenak (100 puntu, gehienekotik):
- Beko Harategia (Zaldibia), 81 puntu.
- Olano (Beasain), 79 puntu.
- Josean Izagirre Harategia (Arrasate), 76 puntu.
- Kepa Loidi (Orio), 70 puntu.
Argazkiak: Izaro Villarreal













