24,8 milioi euroko aurrekontua proposatu du udal gobernuak 2027rako
Abenduaren 17an egingo den udalbatzaren osoko bilkurara eramango dute gaia.
EAJren udal gobernuko kideetako batzuk, proposamena aurkezteko argazkian. Ezker-eskuin: Mariola Pascual zinegotzia, Adur Ugartemendia alkateordea, Leire Artola alkatea, Elena Ruiz zinegotzia eta Ainhoa Arrese zinegotzia.Beasaingo Udala Beasaingo udal gobernuak 24.897.933 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du 2027rako. Iazkoarekin alderatuta, ia 1,5 milioi euro gehiagokoa da, %6,3ko igoerarekin. Udal gobernuak azaldu duenez, hazkundea “oreka finantzarioari eta kudeaketa zuhurrari eutsiz” planteatu dute, “gastu arrunta kontrolpean mantenduz, zorrik gabe eta inbertsio estrategikoak modu orekatuan txertatuz”.
Etxebizitzari lotuta, 150.000 euro gehitu dizkiote alokairuko etxebizitza publikoentzako lurzoruak erosteko aurreikusitako 400.000 euroko kopuruari. Ugartemendiko alokairu publikoko 92 etxebizitzen lursailetan eta etorkizuneko Bernedoenea eremuan jarrita daude baliabide horiek udal gobernuaren esanetan. Plan Orokor berriak 600 etxebizitza berri aurreikusten ditu han, horietatik %45 babes publikokoak.
Beasainen identifikatuta dauden 252 etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko laguntzak eta eta gazteen emantzipaziorako laguntzak mantenduko dituzte, eta etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak hobetzeko lerroak indartuko dituzte, “eraikinen isolamendurako eta galdara zein leiho efizienteagoak jartzeko diru laguntzak bermatuz”.
Tutoretzapeko pisuetan lanak
Ongizatearen esparruan, Tokiko Zaintza Mahaiak 2027an zuzeneko esku-hartzeak garatzeari ekingo dio, mendekotasun-arreta eta gizarte-zerbitzuen koordinazioa hobetzeko helburuarekin. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak 1,4 milioi euroko diru-lerroa izango du, egoera zaurgarrian dauden herritarren eta haien familien beharrei erantzuteko. Etxe Lagun ekimena “errealitate bihurtuko” dela gehitu du udal gobernuak, Oriako pasealekuko tutoretzapeko pisuetan egingo diren birgaitze obrei esker.
Gazteria eta hezkuntza atalean “berrikuntza nabarmenak” jasotzen ditu proposamenak. Batetik, udaleku irekietarako 160.000 euroko partida jaso dute; bestetik, Gaztelekuan dinamizazio berria abiatuko da 155.000 euroko partidarekin; eta, azkenik, STEAM formazioko zientzia eta teknologia sustatzeko saioetan DBH 1 eta 2ko nerabeentzako taldeak sortuko dira, LH 5 eta 6ko taldeei gehituko zaizkienak.
Bi igogailu
Irisgarritasunari dagokionez, Mateo Mujika eta Arantzazu kaleen arteko “irisgarritasun arazo historikoari irtenbidea” emateko 500.000 euroko inbertsioa izango duen igogailu publiko berri bat aurreikusi dute. Maria Arana parkea birgaitzeko lanei hasiera emango zaie 2027an, eta, eremuaren birmoldaketa integralaren barruan, Kale Nagusia eta Esteban Lasa lotuko dituen beste igogailu publiko bat txertatuko da. Mugikortasunaren esparruan, aparkaleku berri bat sortuko da Ugartemendi auzoan, Txindoki Institutuaren magaleko eremuan. 700.000 euro zuzenduko dira horretara.
Udal-liburutegia handitu eta berrituko da, eta udaletxeko zein Musika Eskolako klimatizazioa eraldatuko da plaka fotovoltaikoetan oinarritutako aerotermia sistemak ezarriz. Kale-argiteria LED teknologiara igarotzeko azken fasea ere gauzatuko da, 230.000 euroko zenbatekoarekin. Ibaien garbiketa, espezie inbaditzaileen erauzketa eta hirigunean zuhaitzak landatuta babesgune klimatikoak sortzeko lanekin jarraituko dute.
Borda bat Agortan
Landa eremuan, baserri bide publikoak mantentzeko partida 80.000 eurotik 180.000 eurora igaroko da. Beasainmendiko Agorta inguruan auzotar zein mendizaleentzako borda bat eraikiko da, 50.000 euro aurreikusita horretarako.
Goieki garapen agentziarekin elkarlanean formazio eta enplegu laguntzei eutsiko zaie, eta merkataritza txikia babesteko ekimenak, negozioen jarraipena, saltoki hutsen berrerabilera eta azokaren dinamizazioa bultzatuko dira.
Tori! zerbitzuak hurrengo bi urteetan jarraipena izango du gutxienez, urtean 54.200 euroko partidarekin, eta Barrendainen zein Antzizar kiroldegian hozte-sistemadun takillak jarriko dira tokiko erosketak errazteko. Zero Hondakin – Rexcatering proiektuak bigarren makina bat izango du, eskola-jantokietako soberakinak ez ezik inguruko enpresetako janari-soberakinak ere herritarren eskura jartzeko.
Udal gobernuak oposizioko taldeei aurkeztu die 2027ko aurrekontu proposamena. Abenduaren 17an egingo den udalbatzaren osoko bilkurara eramango dute gaia.













