Herritarren iritzia jasotzeko saioa, nanomedikuntzaren eta lagundutako ugalketaren inguruan
CIC nanoGUNEko Nanobiosistemak taldeak garatzen duen ikerketa-lerro bat aurkeztuko da Beasainen hilaren 18an. Ez da zientzia ezagutzarik behar. Izena eman behar dute interesa dutenek.
CIC NanoGUNEk antolatutako MIRA jardunaldietako irudia, joan den urrian.Hitza CIC NanoGUNEK, Materialen Fisika Zentroak eta POLYMAT ikerketa zentroak PartekatuZ ekimena dute martxan, zientziaren eta herritarren arteko elkarrizketa sustatzeko proiektu pilotua. Proiektuaren barruko saioetako bat Beasainen izango da, nanomedikuntzaren eta lagundutako ugalketaren etorkizunari buruz hausnartzeko helburuarekin, azaroaren 18an, Igartzako Jauregian, 17:00etatik 19:30era.
PartekatuZek herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera. CIC nanoGUNEko Nanobiosistemak taldeak garatzen duen ikerketa-lerro bat aurkeztuko da Beasainen. Taldea etorkizunean lagundutako ugalketa-terapiak hobetzen lagun dezaketen mikrorrobotak ikertzen ari da. Parte-hartzaileek ikerketa hori gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
Era berean, proiektuak herritarren iritziak, zalantzak, esperientziak eta gomendioak jaso nahi ditu, ikerketa-lerroa aberasteko eta gizartearen behar eta kezkei hobeto erantzuteko. 18 urtetik gorako pertsonez osatutako askotariko ezaugarrietako taldea bildu nahi dute antolatzaileek, adin prestakuntza, lan egoera, esperientzia eta ikuspuntuak kontuan hartuta.
Azaroaren 13a baino lehen
Ez da zientzia ezagutzarik behar. Saioa talde txikietan eta giro lasaian egingo da, euskaraz eta gaztelaniaz. Interesa dutenek azaroaren 13a baino lehen eman behar dute izena, PartekatuZ proiektuaren webgunearen bidez. Eskaerak jaso ondoren, antolakuntza taldea interesdunekin harremanetan jarriko da parte-hartzea baieztatzeko.
Proiektu pilotuaren barruan, beste bi saio egingo dituzte, Eibarren eta Irunen bana. Herri bakoitzean ikerketa-gai desberdin bat landuko da eta askotariko esperientzia eta ikuspuntuak dituzten herritarrek osatutako talde bat bilduko da.













