Manifestazioak egingo dituzte arratsaldean Goierriko herri handietan
Ordiziatik Beasainera, Urretxu-Zumarragan eta Legazpin egingo dituzte manifestazioak ‘Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!’ lemapean.
Aurtengo martxoaren 17an gutxieneko soldataren alde egindako greba orokorreko argazkia.Izaro Villarreal Greba egunari amaiera emateko, arratsaldean manifestazioak egingo dituzte. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 herritan baino gehiagotan izango dira manifestazioak. Goierriri dagokionez, herri handienetan egingo dituzte. Hiru manifestazio izango dira: Ordiziatik Beasainera, Legazpin eta Urretxu-Zumarragan.
Goierri beheko manifestazioa 18:00etan abiatuko da Ordiziako Arboledatik. Manifestariak Ordiziatik Beasainera joango dira. Urretxu eta Zumarragako manifestazioa ere 18:00etan izango da. Areizaga-Kalebarrenetik abiatuko dira eta, ohi bezala, bi herrietako itzulia egingo dute. Legazpiko manifestazioa ordu erdi beranduago abiatuko da: 18:30ean. Laubidetik aterako dira eta Euskal Herria plazan amaituko dute.
Hiru manifestazioetako leloa Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! izango da. Manifestariek espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza beharren arabera antolatzea eskatuko dute.













