Agauntza ibaia garbitzeko proiektua amaitu berri Ataunen
Lazkaotik Arrondora bitartean, 2 kilometrotako eremuan, 1,8 tona zabor atera dituzte. Udalarentzat lanik garrantzitsuena "orain" hasiko da.
Agauntza errekako garbiketan ateratako zaborraren irudi bat.Ataungo Udala Agauntza erreka garbitzeko proiektua burutu du Ataungo Udalak. Bi ekintza nagusi egin dituzte: «Zaborrak pilatzeko sareak jarri eta errekako zatirik zikinenak garbitu».
Batetik, zaborrak pilatzeko sareak 600 metroko tartean jarri dituzte «erreka bazterreko barandetan». Bestetik, 1,8 tona zabor atera dituztela adierazi dute: «Lazkaoko mugatik Arrondora arteko bi kilometro osotara garbitu dugu». Gainera, zabor guzti horren artean mota bakoitzetik zenbat atera duen zehaztu du udalak: «%60 errefusa, %20 txatarra, %10 ontzi arinak eta %10 egurra».
Dena den, errekaren garbiketa lanak amaitu badituzte ere, udalaren ustez lanik garrantzitsuena «orain hasten da». Horregatik, udaletik herritar guztiei dei egin diete zaborra sortzerakoan «arduratsuak» izateko; «itsasoa Agauntzan hasten da». Lanak egiteko Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduko laguntza jaso duela jakinarazi du udalak.













