Aspaldiko mobilizazio jendetsuenak Goierrin ere, etxebizitza eskubidearen alde
Jarraipen zabala izan du egun osoan zehar etxebizitza eskubidearen aldeko Greba Orokorrak. Espekulazioaren aurka eta etxebizitza eskubidea bermatzearen alde, Ordizia, Beasain, Zumarraga-Urretxu eta Legazpiko kaleak goierritarrez bete dira.
Ordizia eta Beasain artean manifestazio jendetsua egin dute.Laida Goiburu. Ohiko jarduna eten, lantoki gehienak hustu eta Euskal Herriko herri eta hirietako kaleak etxebizitza eskubide unibertsalaren aldeko aldarrikapenez bete dira gaurko egunean. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu nagusiek -Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak- gehiengo sindikalarekin batera -ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru- deitutako Greba Orokorrarekin bat egin dute ehunka eta ehunka goierritarrek.
Lantoki handienak itxita, herrietako industrialdeetako pabiloi gehienak jarduera etenda, eta ostalaritza eta merkataritza zerbitzu txiki, ertain eta handi gehienak ere geldirik zirela esnatu da Goierri, eta goizeko aurreneko ordutik eskualdeko zenbait bide itxi eta aldarriak aho batez zabaltzen aritu dira manifestariak herri gehienetan zehar.
Arratsalde-iluntzeko mobilizazioek ere ez dute beste irakurketarik utzi. Aspaldiko mobilizazio jendetsuenak izan dira arratsaldekoak Goierrin, eta Greba Orokorrak egun osoan zehar izandako jarraipen zabalaren isla izan da arratsaldekoa. Ordiziatik hasi eta Beasainera arteko ibilbidea osatu dute Goierri beheko manifestariek. Beasainen manifestazio burua Gipuzkoako Plazako zubira iritsi denean, manifestazioaren amaiera Ordizian, Lazkaibarreraino iritsi da.
Goierri garaian, berriz, mobilizazio bana izan da, Zumarraga-Urretxun (2.000 lagun) eta Legazpin. «Espekulatzaileak desjabetu», «borroka da bide bakarra», «etxebizitzaren mafiari aurre egin», «gaur, greba eguna da» eta «kapitalismoa suntsitu» izan dira mobilizazioetan aho batez entzundako aldarrietako batzuk.
Pobretze nabarmena
Irakurketa bateratua plazaratu dute eskualdeko hiru manifestazioen amaieran. Langile klaseak bizi duen «etxebizitza krisiari» erreparatu diote, eta azaldu dute etxebizitza dela «langile klasearen pobretzearen arrazoi nagusietako bat».
Euskal Herrian ere horren eragina «argia» dela ziurtatu dute: prezioen gorakada, bizitegi-erabilerarako etxebizitzen kopurua murriztea, etxegabetzeak ugaritzea edota etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak gutxitzea jarri dituzte adibidetzat.
Era berean, txanpon beraren bi aldeak ezaugarritu dituzte: «Balantzaren alde batean pobrezia, eskubide ekonomiko eta politikoen murrizketak eta ziurgabetasuna pilatzen diren bitartean, beste aldean, espekulatzaile eta errentistek inoizko irabazirik handienak pilatzen dituzte». Zumarragako Ipintza auzoan Miguel Imaz eraikuntza enpresak eraiki nahi duen luxuzko urbanizazioaren adibidea ekarri dute Zumarraga-Urretxuko manifestazio amaieran. Enpresak negozioa egin ahal izateko, egoera prekarioan bizi ziren bi familiak -bata azpierrentatua eta bestea engainu baten biktima- etxea utzi behar izan zutela seinalatu dute.
Negozioaren aurka
Etxebizitzaren arazoaren «erruduntzat» jo dituzte langileen kontura «negozioa» egiten duten espekulatzaileak, errentistak eta higiezinen enpresak. Horren aurrean, «beharrezkotzat» jo dute langile klase osoak «bere interes komunen alde eta espekulatzaileen aurka» indarrak batzea, betiere krisiaren «alderik gordinena» pairatzen dutenen egoera erreferentziatzat hartuta.
Besteak beste, indarkeria matxista jasan eta erasotzailearekin bizitzen jarraitzera kondenatuta dauden emakumeak, higiezinen merkatuak etengabe diskriminatzen dituen sexu- eta genero-disidenteak, emantzipatu ezin diren gazte langileak eta etxejabeen irizpide arrazista eta klasistak pairatu behar dituzten pertsona arrazializatu eta migranteak aipatu dituzte.
Azken urteetan Goierriko zenbait herritan hainbat langile migrantek jasan behar izan dituzten egoerak ere salatu dituzte Erauskin plazan, Beasaingo manifestazioaren amaieran: batetik, Olaberrian kale egoeran zegoen gazte bat iraindu eta bere bizitokiari su eman ziotenekoa gogoratu dute, eta, bestetik, Lazkaon, etxejabe batek familia bat etxegabetzeko irain arrazistekin mehatxatu zueneko kasua izan dute hizpide.
Erantzukizunak hartzea
Erakunde publiko eta alderdi politikoei ere espekulatzaileen interesen zerbitzura egotea egotzi diete, eta eskuineko alderdiak, PSOEren gobernua eta hari babesa eman dioten alderdiak ez ezik, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, foru aldundiak eta udalak ere egin dituzte erantzule.
Eskualdeko udalen jarduna ere kritikatu dute protesta guztietan. Beasainen, Ordizian eta Ormaiztegin «alternatibarik gabeko» etxegabetzeak salatzeaz gain, etxebizitza hutsen aurrean etxebizitza gehiago eraikitzeko politikak lehenestea egotzi diete. Beasainen, esaterako, 300 etxe huts egonda 1.038 etxebizitza eraikitzeko plana abian jarri izana salatu dute, eta Ordizian, berriz, 82 etxe adosatu eraikitzeko abiarazitako lanak jarri dituzte jomugan.
Goierri Garaian ere, Urretxuko Gainzuri Konbentuko proiektua, Zumarragan 31 lokal etxebizitza bihurtzeko plana eta Legazpin 200dik gora etxebizitza huts egonda Mantxolan etxe gehiago eraikitzeko proposamena gogora ekarri dituzte.
Bermaturiko eskubidea
Etxebizitzaren arazoa konpontzea «posible dela» ziurtatu dute hitza hartu duten manifestariek, lau haizetara: «Posible da etxebizitza pertsona guztientzako eskubide bermatua izatea, osasuna edota hezkuntza diren bezala, eta horretarako, espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitu behar da».
Hiru norabidetan aurrera egitea eskatu dute. Lehenik eta behin, espekulatzaileei ondasunak espropiatzea, «gutxi batzuen eskuetan» dauden etxebizitzak berreskuratu eta «guztion behar kolektiboen zerbitzura» jarrita. Bigarrenik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentista debekatzea, eta azkenik, baliabideak langile klasearen beharren arabera antolatzea, «irabazi pribatuen menpe egongo ez den antolaketa arrazionala» eginda.
Gainerakoan, antolakuntza eta borrokarako deia luzatu dute sindikatu deitzaileek: «Arazoak indibidualak balira bezala aurkezten dizkiguten arren, ezinbestekoa da kolektiboki antolatzea. Langile klase antolatu eta indartsua behar dugu». Txalo zaparrada artean amaitu dira bilkurak.













