CAFek eskari zorroa %8 handitu du iazko lehen bederatzi hilabeteekin alderatuta
2026ko 3. hiruhilekoan lortutako kontratu berriek metatutako kopurua ia 5.000 milioi eurora eraman dute. Kontratazio nagusiak Serbiako JSC Srbijavoz aldiriko trenena (operazioaren balioa 300 milioi euro baino gehiagokoa) eta Frantziako tren-tram unitateena (150 milioi euro baino gehiagokoa) izan dira.
Amsterdamgo tranbia.CAF CAFek 2026ko lehen bederatzi hilabeteetako datuak argitaratu ditu, 2026ko urtarriletik irailera arteko aldikoak. Eskari zorroa %8 handitu du 2025eko aldi horretako datuekin alderatuta, 17.502 milioi eurorekin. Salmentak 3.649 milioi eurotan ditu, iazko aldiarekin alderatuta %15 gehiago.
Kontratazioko datuek ere gora egin dute: 4.916 milioi euro, iazko aldian baino %21 gehiago. 4.133 milioi euro trenei dagozkie, eta 783 milioi euro autobusei. 2025eko lehen 9 hilabeteetakoa 4.049 milioi eurokoa izan zen; trenena 2.442 milioi euro eta autobusena 1.607 milioi euro.
Aurtengo bederatzi hilabeteen aldiko kontratazioaren banaketa jardueraren arabera banatuta, tren-ibilgailuena da %60, autobusena %16, zerbitzuena %15 eta soluzio integral eta sistemena %9. Eremu geografikoaren arabera banatuta, kontratatutako bolumenaren %91 Europako merkatuek osatzen dute; %10 Espainian, %81 Europako gainerako herrialdetan, %5 Ameriketan eta %4 Asia-Pazifiko eta munduko gainerako tokitan.
2026ko 3. hiruhilekoan lortutako kontratu berriek metatutako kopurua ia 5.000 milioi eurora eraman dute. Kontratazio nagusiak Serbiako JSC Srbijavoz aldiriko trenena (operazioaren balioa 300 milioi euro baino gehiagokoa) eta Frantziako tren-tram unitateena (150 milioi euro baino gehiagokoa) izan dira.
Emaitza garbia, %30 gehiago
Eskari zorroaren %8ko igoera “trenbide-portafolioaren hazkunde sendoari esker” izan da CAFen esanetan. Solarisen eskaera-zorroa, aldiz, murriztu egin da “entrega-bolumen handien eta kontratu-adjudikazioen erritmo motelagoaren ondorioz”. Eskari zorroak, halere, ez du barne hartzen iragarritako hurrengo kontratua, Egiptoko Kairoko Metrorako birgaitzea eta mantentzearena, 500 milioi euroko balioa duena, ezta zorroko kontratuei lotuta dauden eta bezeroek gauza ditzaketen etorkizuneko aukeren bolumena ere.
Salmenten %15eko igoera bi negozioak kontuan izanda eman da. Tren zein autobus arloak bateratuta, 3.649 milioi eurokoa izan da salmenten balioa lehen bederatzi hilabeteetan, eta iazko aldian 3.165 milioi eurokoa. Banaka, tren arloan %3koa izan da igoera, eta autobusetan %57koa. Igoera Solarisek izandako hazkundeagatik izan dela azaldu du enpresak. Urte amaierarako hazkunde tasa apalagoak izatea aurreikusi du.
Emaitza garbi egozgarria, Erakunde Kontrolatzaileari Egotzitako Emaitza, 131 milioi eurora iritsi da, iazko lehen bederatzi hilabetetakoa baino %30 gehiago.













