Gabiriako Errezil Sagar Egunak 30 urte beteko ditu igandean, lehen aldiz ganadu erakusketa erantsita
Azaroaren 15ean, errezil sagarren lehiaketa, sagar-goxo edo menbrilluena eta baserriko produktuen azoka egingo dituzte Gabirian. Goierri Beheko ezti lehiaketak 28. ekitaldia izango du. Herriko ganadu erakusketa sortu dute, 13 baserritako 120 bat bururekin.
Eguraldiak urtea zaildu arren, errezil sagar eskaintza ziurtatuta egongo da Gabiriako plazan, igandean. Aimar Maiz Gabirian 24. Errezil Sagar Eguna igande honetan, azaroak 15, ospatuko dute. 1996an hasi zen herriko sagar mota preziatu hori gainbeheratik iraultzeko eta kanpoan ezagutarazteko ekimena; 30 urte dira aurten, beraz. Hasierako helburuarekin jarraituko du, eta errezil sagarra izango da produktu izarra aurten ere. Horrekin batera, bidean batu zaizkion sagar-goxo edo menbrillu lehiaketa, Goierri Beheko ezti lehiaketa (28. aldia du, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatuta), eta herriko baserrietako eta artisauen azoka ere egingo dituzte, 10:00etatik 14:00ak aldera arte, Gabiriako plazan.
Erbie elkarte antolatzaileak eta Gabiriako Udalak atzo eman zituzten feriaren xehetasunak. Errezil sagarrentzat –baserriko edozer jarduerarentzat, oro har–, urte konplikatua izan dela aitortu dute ekoizleek. Udaberri-udako berote izugarriak eta lehorte itogarriak eragina izan dute sagar uztan. “Eguraldiak zeresan handia eduki duela garbi dago. Erreziletan, arbolan eusten nahiko lan izan dugu, lehorteagatik sagar asko lurrera erori baita”, azaldu du Jose Antonio Elosegi sagar zaleak.
Mahaiko sagar deritzaien gainerako barietateek hobeto jasan dute egoera. Ureztatzea, edozein kasutan, beharrezkoa izan dela ziurtatu du. “Arbolek asko sufritu dute. Landareek sufritu dute, batez ere; frankoa esaten diogun klaseak hobeto aguantatu du, sustraiak beherago dauzkatelako”. Idortea eta ezohiko beroa gutxi ez, eta uztailean bota zuen harriak ere eremu batzuk kaltetu ditu. Ez denak, uneka egin baitzuen.
Hala eta guztiz, errezil sagar aukera polita aurkeztuko du Gabiriako plazak igandean. “Aurtengo uzta eta urtea ikusi ondoren, gustura egoteko moduan gaude”, esan du Xabier Arratibel ekoizleak eta Erbieko batzordekideak. Errezil sagarren lehiaketan zortzi partaide izango dira, sagar-goxo lehiaketan 11, eta baserritarren eta artisauen azokan 14 postu. Epaile lanetan, ohi bezala, Josema Azpeitia kazetari gastronomikoa eta Manex Aranburu Goimeneko kudeatzaile-teknikaria jardungo dira.

Jose Antonio Elosegi, Xabier Arratibel eta Endika Igartzabal, igandeko Errezil Sagar Egunerako deialdia egiten, atzo.Aimar Maiz
Feria 10:00etan irekiko dute. Lehiaketetako balorazioak 10:30ean hasiko dira, eta sariak 13:00etan banatuko dituzte. Bien bitartean, Osinalde elkartekoek egindako taloak, Balentzategi herri eskolakoek jarriko duten postua (konpota, postre eta gozokiekin), zozketak eta “festa polita eta ederra” izango dira.
Azoka, 30. urteurrenean, bere egitekoa betetzen ari dela ziurtatu du Arratibelek. “Bere garaian, errezil sagarraren gainbehera bat izan zen, eta Erbie saiatu da horri buelta ematen, udalarekin batera, eta indarra ematen. Aurten 24. edizioa daukagu; aurrera goazela eta lan bikaina egiten ari garela adierazten du horrek”.
Ganadua, lehenengo aldiz
Berritasun handiena I. Ganadu Erakusketa izango du aurtengo Errezil Sagar Egunak. Orain pare bat urte botatako ideia gorpuztu dute, batez ere herriko ganaduzale gazteen artean. “Ikusten genuen inguruko azoketan herriko ganadua azaltzen zela, bai Santa Lutzi egunean, bai Legazpiko Artzain Egunean, eta gazte batzuk gogo horrekin elkartu ginen, eta apustu serioa egin dugu”, azaldu du Endika Igartzabalek, baserrian abereak dituen alkateak.
Gabiriako 13 baserritako 120 bat buru jarriko dituzte erakusketan. Ganadu larria eskola eta Erbie atzean kokatuko dute: behiak, behorrak, idi parea, txahalak… “Barietatea izango da, gainera. Behi arraza desberdinak egongo dira, pirenaikak, txarolesak…”. Bestetik, eliza ondoko parkean 32 ahuntz, 40 ardi, astoak eta hegaztiak jarriko dituzte. “Hegaztiak denera 20 bat izango dira, Astiazarangoak eta Legorburukoak”. Azken baserri horretan, euskal oilo arrazako klase ugari hazten dituzte, eta hiru lote erakutsiko dituzte.

Eguraldiak urtea zaildu arren, errezil sagar eskaintza ziurtatuta egongo da Gabiriako plazan, igandean.Aimar Maiz













