Greba orokorraren eragina goizean goizetik
Etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eta espekulazioaren aurka dago deituta gaur greba orokorra. Arratsaldean manifestazioak izango dira.
Goizean piketeak izan dira. Irudian, LABerena.LAB. Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta lan arloko sindikatu nagusiek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek) deitutako greba orokorraren eraginpean esnatu da Goierri.
Goizean goizetik piketeak egin dituzte LAB sindikatuak eta Etxebizitza Sindikatuak. N1 errepidea itxita egon da minutu batzuetan. Ikaslerik ez da kalean ikusten eskolara bidean. Greba orokorraren deialdiaren berri emanez, megafoniarekin dabilen autoa…
Enpresa handienetan grebarekin bat egin dute. Besteak beste, CAF, Orkli, Irizar, Jaso eta GH. Udaletan eta ikastetxeetan ere bai. Eusko Jaurlaritzak zehaztutako gutxieneko zerbitzuak daude martxan.
Beasainen kasuan, goizean goiz irekitzen dituzten erdiguneko tabernak itxita esnatu dira, eta okindegiak eta egunkari dendak ere bai. Eta ohi baino jende gehiago dabil korrika.
Egunaren inguruko jarraipena egingo du GOIERRIKO HITZAko lantaldeak.
[flickr set id=”72177720336681601″]
Manifestazioak arratsaldean
Greba egunari amaiera emateko, arratsaldean manifestazioak egingo dituzte. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 herritan baino gehiagotan izango dira manifestazioak. Goierriri dagokionez, herri handienetan egingo dituzte. Hiru manifestazio izango dira: Ordiziatik Beasainera, Legazpin eta Urretxu-Zumarragan.
Goierri beheko manifestazioa 18:00etan abiatuko da Ordiziako Arboledatik. Manifestariak Ordiziatik Beasainera joango dira. Urretxu eta Zumarragako manifestazioa ere 18:00etan izango da. Areizaga-Kalebarrenetik abiatuko dira eta, ohi bezala, bi herrietako itzulia egingo dute. Legazpiko manifestazioa ordu erdi beranduago abiatuko da: 18:30ean. Laubidetik aterako dira eta Euskal Herria plazan amaituko dute.
Hiru manifestazioetako leloa Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! izango da. Manifestariek espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza beharren arabera antolatzea eskatuko dute.













