Aurreskulari onenen lehiarako prest
Legazpiko bost dantzari Euskal Herriko aurresku txapelketan lehiatuko dira, igandean. Sustraiak taldeko kideak dira, eta Goierriko ordezkari bakarrak.
Legazpiko Sustraiak taldeko bost dantzariak, Zarauzko txapelketan. Oraingoan, ezkerrean dagoen Irune Azpeitiak ez du parte hartuko.Sustraiak dantza taldea Aurten ere Legazpiko bost dantzarik parte hartuko dute Euskal Herriko gipuzkoar erako aurresku txapelketan, igandean. Amaia Azpeitia Osinalde, Eider Carballo Zabalo, Naroa Sanchez Rodriguez, Irati Olaizola Goñi eta Jon Alberdi Garde dira, bostak Sustraiak dantza taldeko kideak, eta Goierriko ordezkari bakarrak.
Txapelketaren zortzigarren edizioa da, eta Itsas Etxea Auditoriumean jokatuko da, 12:00etan hasita. Saioa Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatu du, eta guztira 16 urtetik gorako 14 partaide izango ditu.
Hiru dantza, eta sariak
Parte hartuko duten dantzari guztiek bi dantza egin beharko dituzte. Batetik, Aurkez aurke edo Desafioa dantzatu beharko dute, eta gero Soinu Zahar bat, Betronio handia, Ehun dukat edo Graziana dantzen artean bat aukeratuta.
Amaitzeko, lehen bi dantza horiekin puntu gehien lortzen dituzten sei dantzarik Zortzikoa interpretatu beharko dute.
Dantzarien lana epaitzen, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatu dituen Jose Luis Vallejo, Katerin Artola eta Nahikari Vizuete izango dira.
Sari ugari banatuko dituzte txapelketaren amaieran. Irabazleak, Tomas Murua saria berezia jasoko du, bere herriko udaletxean hurrengo ediziora arte gordetzeko. Horrez gain, Hondarribiko Udalaren trofeoa, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren trofeoa, txapela eta 400 euro ere jasoko ditu.
Bigarrenarentzat trofeoa eta 300 euroko saria izango da, eta hirugarrenarentzat trofeoa eta 200 euro. Laugarrenetik seigarren postura sailkatzen direnek 100 euroko saria izango da, eta finalerako sailkatzen ez direnek, 80 euro.
Olaizola, iaz bigarrena
Jon Alberdik aurten debutatuko du Euskal Herriko txapelketa honetan, beste hiru dantzariak aurretik ibiliak diren bitartean. Horietatik, Irati Olaizolak egin du ibilbide luzeena eta emankorrena, bitan bigarren geratu delako, 202ko eta 2025eko edizioetan, hain zuzen, eta behin hirugarrena, 2024an.
Irati Olaizolak, gainera, Zarauzko Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketa irabazi du aurten, irailean, eta bigarren urtez jarraian. Txapelketa horretan Amaia Azpeitia hirugarrena sailkatu zen. Zarauzko txapelketan parte hartu zuten, baita ere, igandean Hondarribian izango diren beste hiru dantzariek ere, Eider Carballojk, Naroa Sanchezek eta Jon Alberdik.













