«Euskadin bizi diren pertsona guztiak zaintzen dituen indar bakarra» dela aldarrikatu du EAJk Beasainen
Gipuzko Buru Batzarraren presidente Euge Arrizabalagak, Kongresurako Gipuzkoako hautagai Eneko Goiak eta Leire Artola Beasaingo alkateak hartu dute hitza Gernika pasealekuko frontoian egin duten ekitaldian.
Euge Arrizabalaga, Eneko Goia eta Leire Artola, atzo, Beasaingo mitinean. Gipuzkoako EAJ “Bozka ezazu Euskadi eta Euskadiko familiak defendatuko dituenaren alde: hemen EAJ-PNV”. Horixe izan da talde jeltzaleak atzo arratsaldean Beasainen egindako kanpainako ekitaldian zabaldu duen mezu nagusia. Gipuzko Buru Batzarraren presidente Euge Arrizabalagak, Kongresurako Gipuzkoako hautagai Eneko Goiak eta Beasaingo alkate Leire Artolak hartu dute hitza.

Euge Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko presidentea.Gipuzkoakoa EAJ
Gipuzko Buru Batzarraren presidente Euge Arrizabalagak nabarmendu du “Euskadik A-29ra begira duen aukerarik onena” EAJ dela: “Zure beharrizanei, zure ilusioei eta zure eskubideei erantzuna emango dien botoa da (…). Euskadirentzako eta zure etxekoentzako onena nahi baduzu, bozka ezazu EAJ-PNV”. Arrizabalagak adierazi du “Euskadin jokoan dagoena datozen lau urteotan Madrilen zeinek defendatuko gaituen” dela. “EAJ-PNVk Euskadi, familiak eta euskal hiritargoa defendatzen du. Nola ez? Nork lortu zuen EAE eta Nafarroarentzako autonomia? PSOEk? PP? Ezker Abertzaleak? Ez. EAJk lortu zuen. Euskadiko erakundeak zeinek eraiki zituen? EAJk. Ezker Abertzaleak bere ahalegin guztia jarri zuen euskal erakundeak deslegitimatzeko. Zeinek defendatu ditu Osakidetzak eta Euskadiko babes sistema? EAJk. Euskal industria? EAJk. Abertzaleak garelako, inoren sukurtsal ez garelako, Euskadi eta euskal herritarrak maite ditugulako”.
«Euskadin jokoan dagoena datozen lau urteotan Madrilen zeinek defendatuko gaituen»
Euge Arrizabalaga. Gipuzko Buru Batzarraren presidentea
Ildo beretik azaldu du talde jeltzalea dela “gure familiak, gure industria, gure enpleguak, gure merkatariak, gure pentsiodunak eta Euskadin bizi diren pertsona guztiak zaintzen dituen bakarra”. Arrizabalagak jarraian zehaztu du Pedro Sanchezen PSOE alderdiak printzipio nagusi bat duela: ‘Espainiar guztien arteko berdintasuna’. “Historiak argi erakutsi du printzipio hori eskubide politikoen eta euskal herritarron gainerako beste eskubideen kontrakoa dela. Espainiako polarizazio giroan ito nahi gaituzte. Utikan!”.
Gipuzkoa, errenta handieneko lurraldea
Eneko Goia Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak gogora ekarri du Gipuzkoa dela Estatu osoan pertsona bakoitzeko batez besteko errentarik handiena dagoen lurraldea. “Zerbaitengatik izango da. Industria potentea dugulako. Industria aberastasuna da. Ezinbestekoa da aberastasuna sortzea, ondoren banatu ahal izateko. Eta EAJ-PNVk betidanik egin du argi eta garbi industriaren alde. Bai eta Madrilen ere. Euskal Taldea izan da urte hauetan guztietan horretaz arduratu den bakarra”.

Eneko Goia Espainiako Kongresurako EAJren hautagaia.Gipuzkoako EAJ
Hori esanda, Goiak azaldu du orain gutxi elkarrizketa batean hautagai sozialista bati eginiko elkarrizketa batean irakurri duela ‘hauteskundeetan PP-VOX ala gu’: “Gezurra da. Albiste ona da ez dugula ‘guatemala eta guatepeorren’ artean aukeratu behar. Euskadi aukeratu ahal dugu, Euskadiren defentsa Madrilen. Hemen EAJ-PNV”.
«Industria aberastasuna da. Ezinbestekoa da aberastasuna sortzea, ondoren banatu ahal izateko»
Eneko Goia. Kongresurako Gipuzkoako EAJren hautagaia
Etxebizitzaren erronka Beasainen
Ekitaldiari amaiera emateko, hitza hartu du Leire Artola Beasaingo alkateak, eta etxebizitzaren erronkari aurre egiteko konpromisoa adierazi du: “Beasainen jaio eta hazi diren gazteek beren bizi proiektua hemen bertan egin ahal izatea nahi dugu”. Zentzu berean aipatu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, “aukera berriak irekiko dituela” gogoratuz: “Geltokiaren inguruan erabilgarri geratuko den trenbide-espazioan 600 etxebizitza eraikitzeko aukera emango du. Baina, kontuan izan behar da lur horiek ADIFenak direla. Madrilen negoziatu beharko dugu. Horretarako ere, elkarrizketa lagungarri bat beharko dugu, gure arteko zubi bat”. “Euskal Talde indartsu bat behar dugu Madrilen”, amaitu du.
«Beasainen jaio eta hazi diren gazteek beren bizi proiektua hemen bertan egin ahal izatea nahi dugu»
Leire Artola. Beasaingo alkatea

Leire Artola Beasaingo alkatea.Gipuzkoako EAJ













