Berrikuntzak

Urbiako fondako teilatuko lanak amaitzear

Datorren astean amaituko dituzte lanak, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak esan duenez. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkate eta partzuergoko lehendakariak nabarmendu helburu nagusia «fonda berriz zabaltzea» dela.

Urbiako fonda teilatu berrituarekin, asteazkenean. Gotzon Aranburu

Uztailaren erdialdean hasi zituzten Urbiako fondako teilatua berritzeko lanak. Berez, azarorako amaituta behar zuten, baina atzeratu egin direla esan du Iñaki Alberdi Gipuzkoako eta Arabako Partzoneriako lehendakariak eta Idiazabalgo alkateak Goiena komunikazio taldeari egindako adierazpenetan. Guztiarekin, “datorren asterako” amaituta egongo direla aurreratu du Alberdik.

2025eko abuztuaren 13tik itxita dago fonda. Orain arte fondaren ustiaketaz arduratu den Urbiako Fonda S.L. enpresarekin amaitutzat eman du akordioa partzoneriak eta uztailean eraikina hustu ondoren hasi zituzten teilatua konpontzeko lanak. Oraindik ez direla lan guztiak amaitu gogorarazi du Alberdik, “argindar sistema ere oso zaharkituta dago eta gaur egungo estandarretara egokitzeko guztiz berrituko da”, gaineratu du.

Uztailean, Goierriko Hitzari emandako elkarrizketan argitu zuenez, lan guztien aurrekontu orokorra 400.000 euro ingurukoa da eta zati bat Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzekin finantzatu ahal izatea da asmoa. Datorren astean amaituko diren teilatuko lanek 165.000 euroko aurrekontua dute eta behin horiek amaituta argiteria sistema berritzeko lanak hasiko dituzte, «elektrizitate instalazioa osorik berrituko da (75.000) eta eguzki plakak jarriko dituzte (60.000)».

Partzoneriaren helburu nagusia «fonda berriz zabaltzea» dela azpimarratu du lehendakariak, “ekainerako edo beranduenera jota uztailerako taberna eta ostatu zerbitzuak martxan izango dira”, esan du. Zerbitzuaren lizitazioa deialdi publikora aterako dute hilabete eta erdi lehenago, “beti ere aurretik egin beharreko lanak baldintzatuta”.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa