Elegante eguna da gaur Ormaiztegin
San Andres jaiak hasita, eleganteen ohiko desfilea egin dute herritarrek, aurten erraldoiez, buruhandiez eta dultzaineroez lagunduta. Arratsaldean eta gauean izango du jarraipena festak.
Atzoko txupinazoaren ondoren, Ormaiztegin murgildu dira San Andres jaietan, eta gaur, Elegante eguna ospatzen ari dira. Azken urteetako ohiturari jarraituz, goizean adin askotako ormaiztegiarrak kalera atera dira XIX. mendeko arropekin elegante jantzita, eta udaletxe aurreko plazan ikusgai jarritako garai bateko autoak, motorrak eta bizikletak izan dituzte lagun antzinako garai haiek gogoratzeko.
Plazatik abiatuta, errepidetik gora ohiko paseoa egin dute bainuetxea zegoen tokiraino Jundajo txarangak lagunduta, eta kiroldegiko paretako horma irudiaren azpialdean taldeko argazkia egin eta gero, balsa dantzatu dute. Ondoren, herriko erdigunera itzuli dira. Goiza borobiltzeko, bazkarian elkartu dira gero, ehundik gora herritar, Zubipe kiroldegian.
Gaurko eleganteen paseoa desberdina izan da, desfilea aberasteko asmoz, Ormaiztegiko eleganteek Pasaiako erraldoiak, Ormaiztegiko buruhandiak eta dultzaineroak izan dituztelako lagun. Herriko Guraso elkarteak ere egin du bere ekarpena, buruhandien kasaka berriekin.
Zumalakarregi museoak sustatutako ekitaldia da eleganteen desfilea, Ormaiztegiko bainuetxearen memoria historikoa berreskuratu eta balioan jartzea helburu duena
Elgante egunak arratsaldean izango du jarraipena, Zumallakarregi museoan egingo den garaiko panpin ebakigarrien tailerrarekin, eta elizatarian ondoren txokolate eta pastekin eta XIX. mendeko musikaz girotuta eskainiko den meriendarekin.
Bestelako ekitaldiak ere izango dira arratsaldean eta gauean: Matraka Dj Trikitrack musika saio ibiltaria; eta Lukiek, Borla eta DJ Reketabe, karpan. Gainera, Gazteen txosna irekita egongo da 23:30etik 04:30era.
Jaiek bihar izango dute jarraipena. Hemen ikusi daiteke egitaraua: Ormaiztegiko jaiak.
.













