Arnasguneetako gazteek 230 lan aurkeztu dituzte Arnasetik lehiaketaren V. edizioan
Parte hartu duten 34 udalerrietatik hiru dira Goierrikoak: Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu.
Iazko Arnasatetik bideo-sormen lehiaketaren sari banaketa lehiaketaren argazkia.Arnasa Gara Aurten Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren bosgarren edizioa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko.
2026ko edizioan 230 lanek hartu dute parte lehiaketan eta 4.200 bozkatik gora jaso dira. Parte-hartzea % 12 igo da aurreko urtearekin alderatuta eta bozka kopurua ere igo da (% 15).
Hiru gai nagusi
Lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei dago zuzendua, baita arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei ere. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izan da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.
Adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da. Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek.
- LH 5. eta 6. mailako ikasleek Dakienak, ba al daki? erronkari helduko diote, herriko berezitasun eta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa baten bidez.
- DBH 1. eta 2. mailakoek Ongi etorria erronkari erantzungo diote, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egingo lioketen erakutsiz, musika eta mugimendua baliatuta.
- DBH 3. eta 4. mailakoek, berriz, Eusle mode on landuko dute, sare sozialetako hizkuntza-erabilerari buruzko gogoeta eginez.
Sari banaketa ostegunean
Datorren ostegunean, hilarn 26an, Lekeitioko Ikusgarri zineman izango da sari banaketa, 17:30ean hasita. Guztira, sei sari banatuko dira.
Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak; 500 euroko saria izango du (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatuko da, bozketa bidez hautatua.
Sari hauek, euskarazko produktu edo ekintzetan erabili ahal izateko opari-bonuak dira. Esaterako,Ikasbidaian, IrriSarri Landen, Gure Zirkuan, Durangoko Azokan… Azkenik, Lekeitioko Udalak ere herriko lanik onenei aitortza egingo die 200 euroko bi sarirekin.
Parte hartu duten 34 udalerrietatik hiru bakarrik izango dira Goierrikoak: Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia.
Arnasa Gara proiektua eta arnasguneak
Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da. UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta xedetzat du arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.
Eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, eskualdea, harana…) dira arnasguneak. Arnasguneetan euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz mintzatzeko joera nagusitzen da.
Kasu honetan, Arnasetik lehiaketak arnasguneetako gazteengan jarri nahi du arreta, haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnarketa eragiteko. Horregatik, Arnasetik lehiaketa arnasguneetan bizi diren ikasleei zuzenduta dago (LH 5-6 eta DBH 1-4ko ikasleak). Egia da; arnasgune asko udalerri txikiak direla, eta maiz, ikasle askok udalerri handiagoetara jo behar izaten dutela ikasketekin jarraitzeko. Horregatik, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxek ere parte hartu dute, batez ere eskualde-buruetako ikastetxeek. Arnasguneentzat eskualde-buruak ere garrantzitsuak dira, udalerri hauetan arreta berezia jartzea ezinbestekoa baita euskarak duen bizitasuna bermatzeko.













