Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala eta ekitaldiak
Urola Garaia udal elkarteko Berdintasun batzordeko kideek adierazpen instituzionala irakurri dute Urretxuko udaletxean. Bihar 'La buena hija' pelikula emango dute eta asteazkenerako elkarretaratzea deitu dute
Asteazkenean Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna da. Gaur, Urola Garaia udal elkarteko Berdintasun batzordeko kideek adierazpen instituzionala irakurri dute Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak, Isabel Flores Ezkio-Itsasoko zinegotziak, Nerea Lopez de Heredia Legazpiko zinegotziak, Julen Azpeitia Urretxuko zinegotziak eta Arantxa Gonzalez Zumarragako zinegotziak parte hartu dute.
Indarkeriari gizarte ikuspegitik erantzutea eskatu dute. «Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, euskal udalok, gizarte ikuspegitik erantzun behar dugun hausnarketa helarazi nahi diegu herritarrei: emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du, eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek, gizarte erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dugu».
Inplikazioa aktiboa izan behar dela gehitu dute. «Errealitate horren aurrean gure zeregina zein den galdetzeko deia egiten dugu, gaitzespenetik harago begiratzeko. Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean? Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, inplikazio aktiboa eta egunerokoa behar da. Ez da nahikoa indarkeria arbuiatzea argi eta garbi agertzen denean. Beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, hari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea, biktimei laguntzea eta, esparru guztietatik, indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea».
Herritarrek pauso bat ematera gonbidatu dituzte. «Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrera pauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera. Udalok, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak izanik, gure udalerrietako auzokide guztien konpromiso partekatua sustatu nahi dugu, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko. Herritarrak gonbidatzen ditugu jarrera bat hartzera eta konponbidean parte izatera , erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik egin ahal izango dugu aurrera gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz».
Horretarako, bost konpromiso hartu dituzte. Lehenengoa, eskualdeko Berdintasun arloaren bidez, indarkeria matxistaren forma guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea da. Bigarrena, indarkeria matxistako egoeren aurrean, erantzun publikorako eta herritarren mobilizazioetarako dispositiboak artikulatzea horretarako eskualdeko herri bakoitzean erantzun publiko instituzionalerako protokolo propioak garatuta. Hirugarrena, indarkeria matxistako kasuen aurrean, herritarrek egiten dituzten salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzea. Laugarrena, haur eta nerabeei zuzendutako Urola Garaiko haur eta nerabeenganako indarkeria matxista offline eta online: ziberindarkeri matxistari aurre egiteko sentsibilizazio eta prebentzio estrategiak programa garatu eta errealitatera egokitzen jarraitu, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko. Azken konpromisoa herritarren sareak aktibatzea da, indarkeria matxista antzeman eta aurre egiteko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko.
Ekitaldiak
Urteroko moduan, hainbat ekitaldi antolatu dira Azaroaren 25aren inguruan. Bihar (asteartea) La buena hija pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan. Emanaldia 20:00etan hasiko da. ButaK 21 zineklubak eta Berdintasun arloak antolatu dute. Asteazkenean, berriz, elkarretaratzea egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan. 18:30ean egingo da, Urola Garaiko Koordinadora Feministak deituta.













