Santa Zezilia kontzertua, legazpiarren bihotzean ondo gordetako hitzordua
Urbeltz pilotalekua goraino bete zen larunbat iluntzean, Legazpiko musika talde nagusiek Santa Zezilia zaindariari eskainitako emanaldia ikusteko. Aurten ere, omenaldiak izan ziren.
Legazpiko musikariek bete dute aurten ere hitzordua Santa Zezilia zaindariaren eguna ospatzeko kontzertuarekin. Larunbat iluntzean izan zen hitzordua, publikoz beteta zegoen Urbeltz pilotalekuan.
Ivan Allue gaita jotzailearekin eta Inar Sartre piano jotzailearekin batera Goiz Deia txistulari bandak ireki zuen kontzertua, eta ondoren Alaitasuna errondaila, Korosti dantza taldeko dantzarien eta erraldoien laguntza izan zuen Santikutz abesbatza, eta Legazpi Musika Banda atera ziren agertokira, egitarau ederra eskainiz guztien artean.
Omenaldiak ere izan ziren. Errondailak Txelis Otaegi omendu zuen, taldean egindako 25 urteengatik, eta bandak Ander Ugarte eta Jon Korta formazioan 25 urte betetzeagatik eta Jesus Castillejo ere bai, 40 urteengatik.
Amaieran, Legazpi ereserkia interpretatu eta abestu zuten musikari guztiek Korostiko dantzariekin batera, eta publikoaren txalo zaparrada jasoz, Iker Azpeitia, Eli Gordoa, Marian Lasa eta Jesus Castillejo lau taldeetako zuzendariak agertu ziren, eskerrak emateko.













