Gabonak

Gabonetako jarduera, Igartubeitin eta Mirandaolan

Bi bisita antolatu dituzte, lehenengoa datorren larunbatean, azaroak 28 eta bigarrena, abenduaren 12an.

Ezkioko Igartubeiti baserri museoak eta Legazpiko Lenbur turismo bulegoak Gabonei begirako ekimen bateratua egingo dute. Bi bisita antolatu dituzte, lehenengoa datorren larunbatean, azaroak 28 eta bigarrena, abenduaren 12an. Batetik, XV. mendeko baserria bisitatzeko aukera izango dute bisitariek, «Gabonetako ohitura zaharrak eta sagarraren balioak bizia hartuko duten» ekimenean. Bestetik, Mirandaolan Olentzero eta Mari Domingiren bisita izango dute parte hartzaileek. «Historia, tradizioa eta emozioa» bilduko dituen esperientzia izango da antolatzaileek aurreratu dutenez.  

Jarduerari Igartubeitin emango diote hasiera bi kasuetan, 11:00etan. «Egurrezko habeen eta sagar usainaren artean, gure arbasoak nola bizi ziren eta Gabonak nola ospatzen zituzten  ikus daiteke, sukaldea, logela eta sagarrak prentsatzen diren dolarea esploratzen», azaldu dute. Bisita amaitzeko, haurrek sagar zuku naturala dastatu eta txalapartaren erritmoan abestuko dute. «Familia osoa liluratuko duen esperientzia sentsorial eta kulturala» izango dela aginfu dute.  

Jarraipena Mirandaolan

Goizak Mirandaolan izango du jarraipena, 13:00etan hasiko den bisitarekin. Ipuin kontalari batek egingo die harrera bisitariei. Ondoren, ezustean agertuko da Burdintxo, Mirandaolako burdinolako olagizontxoa, eta Mirandaolako parkea zeharkatzen lagunduko die bisitariei Olentzero eta Mari Domingiren bila: «Pertsonaiak zuhaitz eta irribarre artean agertuko dira, familiak agurtu eta Mirandaolako burdinolara gidatzeko». Olentzerori eta Mari Dominingiri gutunak emateko aukera izango dute bertan haurrek gero, argazkiak atera eta danbolinean erretako gaztainak dastatzeko. 

Bisita bikoitz hauetan parte hartzeko sarrerak aldez aurretik erosi behar dira on line, Igartubeitiren edo Lenburren web guneetan dago aukera. Bisitak euskaraz izango dira eta 13 euro ordaindu beharko da pertsonako.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa