igartza musika beka

Musikeneko 33 ikasle Igartza Musika bekaren entzunaldietan, larunbatean

Musikari bakoitzak 10 minutu inguruko saioa eskainiko du. 09:30ean hasiko dira goizeko entzunaldiak, eta 15:30ean arratsaldekoak. Sari banaketa 19:00etan izango da.

2025eko Igartza Musika bekaren onuradunak, erdian diploma banarekin.Hitza

Beasaingo Udalaren eta Musikene Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegiaren arteko hitzarmenaren barruan, XI. Igartza Musika bekaren entzunaldiak izango dira larunbatean Igartzako Jauregian, Musikeneko 33 ikasleren parte hartzearekin.

Musikari bakoitzak 10 minutu inguruko saioa eskainiko du. 09:30ean hasiko dira entzunaldiak, eta sarrera librea eta doakoa izango da egun osoan –saioen artean sartu ahal izango dira bertaratzen direnek–. Ondoren, atsedenaldiak egingo dituzte 10:50etik 11:30era eta 12:50etik 13:10era. Goizeko jarduna 13:40ean amaituko da.

Arratsaldeko saioak 15:30ean hasiko dira, eta 18:10era arte luzatuko dira. Sari banaketa, epaimahaiaren erabakiaren ondoren, 19:00etan izango da. Olatz Saituak, Joseba Candaudapek, Jesus Etxeberriak eta Garazi Zabaletak osatuko dute epaimahaia.

Saritutako musikariek diru laguntza jasoko dute; Gradu mailan 2.200 euro eta Masterrean 3.300 euro. Horrez gain, hurrengo urtean Beasainen kontzertu bat eskaintzeko konpromisoa hartuko dute ohi bezala.

33 ikasle horietatik, Master mailakoak hemeretzi izango dira –Interpretazioko lehen eta bigarren mailako hamazazpi eta Ikasketa Orkestraletako bi–, eta Gradu mailakoak hamalau –horietatik Jazz interpretazioko bi bateria-jotzaile nabarmendu dituzte antolatzaileek–.

Euskal Herriko bost ordezkari
Parte-hartzaileen jatorriari erreparatuta, Musikenek erakartzen duen nazioarteko talentua agerian geratzen da. Euskal Herriko bost ordezkari ariko dira: Ager Alzola gernikarra, Manex Olazagirre andoaindarra, Ainhoa Izagirre gasteiztarra, Lucia Mena huartearra eta Hodei Yañez donostiarra. Espainiar estatuko hainbat txokotatik etorritako musikariak ere arituko dira –Madril, Murtzia, Alacant, Valentzia, Galizia, Asturias, Nafarroa, Extremadura, Andaluzia, Aragoi, Gaztela-Leon, Gaztela-Mantxa eta Balearrak–, eta atzerriko zortzi musikarik parte hartuko dute: Frantziako hiruk, Portugalgo bik eta Italiako, Kolonbiako eta Kazakhstango banak.

Instrumentuen zerrenda ere zabala da. Hamabi espezialitate entzun ahal izango dira: biolina, klarinetea, pianoa, biolontxeloa, harpa, akordeoia, tronpa, flauta, saxofoia, kantua, bateria eta biola.

Igartza Musika bekak hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea du kulturaren eta musika-hezkuntza aurreratuaren aldeko apustuan. Udalak azaldu duenez, ekimenak helburu bikoitza du: “Batetik, Musikenen ikasten ari diren musikari gazteen prestakuntza eta ibilbide profesionala bultzatzea; eta bestetik, goi-mailako musikaren transmisioa indartu eta kalitatezko kultura beasaindarrengana gerturatzea”.

Iaz hiru musikari izan ziren saridunak. Noel Alejandro Redolar Cortesek Master mailako beka jaso zuen, eta Gradu mailako beka ex aequo banatu zuten Mariia Slashcheva eta Joseba Kortaren artean.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa