Zuzendaritza Batzorde berria Ordizian elkartean, tokiko merkataritza sustatzen jarraitzeko
Zortzi establezimendu berrik hartu dute elkartearen gidaritza: Oreka belardenda, Uriba, Ness by Esti Garcia, D’Elikatuz – Erro Koop, Vicuña Sport, Maos ileapaindegia, Kirkil eta Josune & Klaude.
Ordizian Merkatarien Elkarteak etapa berri bati ekin dio Zuzendaritza Batzorde berria eratuta. Hala erabaki zuten joan den azaroaren 10ean egindako Batzar Nagusian, eta aurrerantzean, zortzi establezimendu berrik hartuko dute gidaritza nagusia: Oreka belardenda, Uriba, Ness by Esti Garcia, D’Elikatuz – Erro Koop, Vicuña Sport, Maos ileapaindegia, Kirkil eta Josune & Klaude.
Zortzi izen horien atzean egunero pertsiana altxatzea, negozio bat aurrera eramatea eta erronka berrietara egokitzea zer den ondo dakiten pertsonak daude, eta oraingoan, Ordiziako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak zaintzeko eta indartzeko konpromisoari eutsita, aurrerapausoa eman dute beren denboraren zati bat gainerako bazkideei eta elkartearen etorkizunari eskaintzeko. «Ilusioz» ekin diote jardun berriari, hedabideetara bidalitako oharrean azaldu dutenez: «Ilusioa, denbora, ideiak eta esperientzia proiektu partekatu baten zerbitzura jartzeko gogoz gaude».
Helburuak orain arteko bera izaten jarraitzen du: elkarte hurbila eta parte-hartzailea eraikitzen jarraitzea, ekarpen bakoitzak bere lekua izan dezan eta elkarlanak aukerak sor ditzan.
Bukatzeko, eskerrak eman dizkie aurreko Zuzendaritza Batzordeko kideei, «eskainitako denboragatik, dedikazioagatik eta egindako bideagatik». «Lan hori gaur aurrera egiten jarraitzeko oinarriaren parte» dela nabarmendu dute.













