150 gaztetxok parte hartu dute Kantariren hirugarren edizioan
Azaroaren 21ean Labeaga aretoan eskainitako emanaldiak Goierri Telebistan eta haren webgunean ikusi ahal izango dira
Musikak, dantzak eta euskarak bat egin zuten larunbatean Labeaga aretoan, Urretxu-Zumarragako Kantariren hirugarren edizioan. Guztira, 8 eta 12 urte bitarteko 150 gaztetxok hartu zuten parte Urretxuko eta Zumarragako udalen laguntzarekin eta Goiena komunikazio taldearen gidaritzapean antolatutako egitasmoan.
Hainbat astetako prestaketaren ondoren, gaztetxoek hiru, lau edo bost laguneko taldeetan eskaini zituzten emanaldiak, senide eta lagunen aurrean. En Tol Sarmiento, Gatibu, Nøgen, Huntza, Vendetta eta Betagarri bezalako taldeen abestiek girotu zuten arratsaldea. Emanaldiak bost txandatan banatu ziren, Aitor Agiriano aurkezle zela.
Kantari lehiaketarik gabeko ikuskizuna da, haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duena, musikaren eta dantzaren bidez. Egitasmoak euskarazko aisialdi eskaintza indartzea, gaztetxoen arteko euskarazko harremanak sustatzea eta euskal kultura familien artean zabaltzea du xede, ikastetxeen, komunikabideen eta udalen arteko elkarlanaren bidez.
Goierri Telebistak zuzenean eskaini zituen emanaldiak, eta grabatutako saioak telebistan eta haren webgunean eskainiko ditu pixkanaka. Saio guztiak argitaratu ahala, honako esteka honetan ikusi ahal izango dira.











