54.455 goierritar daude botoa ematera deituta iganderako
Espainiako Gorteak aukeratuko dira igandean. Goierriko 42 hauteslekuak 09:00etatik 20:00etara egongo dira irekita.
Espainiako Gorteetako hauteskundeak izango dira igandean. Diputatuen Kongresuko eta Senatuko ordezkariak aukeratuko dituzte herritarrek. 09:00etan irekiko dituzte Goierriko 22 udalerrietako 42 hauteslekuetako 89 mahaiak, eta 20:00etan itxi.
Hautesle Erroldaren Espainiako Bulegoak (INE) argitaratutako datu ofizialen arabera, 54.455 goierritarrek izango dute igandean botoa emateko eskubidea, 2023ko hauteskundeetan baino 976 lagun gehiagok.
2023ko uztailaren 23ko Espainiako Gorteetako hauteskundeekin alderatuta, Goierriko hautesle-errolda osoak 976 pertsonatan egin du gora (+% 1,83), orduan 53.479 hautesle baitzeuden. Igoeraren zatirik handiena atzerriko erroldan gertatu da (+679 hautesle, +% 35,61). Bertan bizi diren eta igandean hauteslekuetara joango diren hautesleen kopuruari dagokionez, 297 bozkatzaile gehiago daude (+% 0,58).
Hazkunderik handiena Lazkaon eta Beasainen izan da; beherakadarik nabarmenena Legazpin. Herriz herriko bilakaerari erreparatuta, Goierriko 13 udalerritan gora egin du bertako hautesleen (CER) kopuruak, zortzitan behera egin du, eta Gaintzan bere horretan mantendu da (101 hauteslerekin).
Lazkao eta Legazpi
Lazkaon izan da hazkunderik nabarmenena, 2023an baino 160 hautesle gehiagorekin (4.240tik 4.400era). Haren atzetik datoz Beasain (+131 hautesle; 9.987 guztira) eta Ordizia (+88 hautesle; 7.093 guztira). Goranzko joera izan dute, halaber, Urretxuk (+35), Ormaiztegik (+28), Segurak (+22), Itsasondok (+17), Ataunek (+15), Zumarragak (+12), Olaberriak (+10), Zerainek (+6) eta Zegamak (+5).
Txanponaren beste aldean Legazpi dago, bertan erroldatutako 140 hautesle galdu baititu hiru urteotan (6.567tik 6.427ra). Jaitsierak izan dira, era berean, Idiazabalen (-32), Zaldibian (-27), Araman (-11), Legorretan (-7), Ezkio-Itsason (-6), Mutiloan (-4), Altzagan (-3) eta Gabirian (-2).
Goierriko hautagaiak
Espainiako Diputatuen Kongresua osatuko duten 350 diputatuen artean, igandean Gipuzkoan aukeratutako sei diputatu izango dira. Gehiengo osoa 176 eserlekutan dago.
Diputatuen Kongresurako alderdien zerrendetan Goierriko sei politikari daude: PSOEtik, Rosa Maiza Garrido zumarragarra (5.), eta ordezko gisa Alex Gonzalez Duque urretxuarra (2.) eta Iñaki Dubreuil Txurruka ordiziarra (4.); EAJtik, Olatz Arrese Imaz beasaindarra (5.), eta ordezko gisa Maria Luisa Valles Fernandez beasaindarra (3.); eta PCTE Partido Comunista de los Trabajadores de Españatik, David Nieto Jabato beasaindarra (5.).
Senaturako zerrendetatik, bost dira goierritarrak: EH Bildu-ERC (Senaturako elkarrekin doaz) koaliziotik, Olaia Duarte Lopez beasaindarra (3.); eta EAJtik, Luke Uribe-Etxebarria Apalategi beasaindarra (1.), Garbiñe Mendizabal Mendizabal zaldibiarra (2. hautagaiaren 2. ordezko gisa), Xabier Insausti Sarasola beasaindarra (3.) eta Jon Olano Arrese beasaindarra (3. hautagaiaren 2. ordezko gisa).
Bi boto paper
Igandean, beraz, hautesleku bakoitzean bi hautetsontzi egongo dira, eta boto emaile bakoitzak, bi boto-paper eta bi gutun-azal desberdin erabili beharko ditu: Diputatuen Kongresurako kolore zurikoak, eta Senaturako sepia kolorekoak.
Ormaiztegin, festa giroan
Ormaiztegin, igandea, festa beteko eguna izango dute hauteskundeetakoa, eta ez da harritzekoa izango, bezperako Mozorro Eguneko ondorioak ikustea; etxera lotara joan aurretik, botoa ematera joandakoak ikustea.
Emaitzen jarraipena
Goierriko Hitzak, igandean, hauteskunde egunaren jarraipena egingo du Goierri.hitza.eus webgunean. Behin hauteslekuak itxita, herriz herriko datuak emango ditu.
42 hautesleku, 89 hautes-mahai
Hautesleku eta 89 hautes-mahai izango dira Goierrin igandean, Espainiako Gorteetako hauteskundeetako botoak jasotzeko: Altzagan, Araman, Ezkio-Itsason, Gabirian, Gaintzan, Idiazabalen, Itsasondon, Lazkaon, Legorretan, Mutiloan, Ormaiztegin, Seguran, Zaldibian, Zegaman eta Zerainen bana, Ataunen 2, Beasainen 3, Legazpin 5, Olaberrin 2, Urretxun 5 eta Zumarragan 4.













