Deba odolkigileek astea borobildu dute Ormaiztegin
Ormaiztegiko 39. Odolki lehiaketa irabazi dute Ezkio-Ormaiztegiko odolkigileek. Bigarren Maria Peñaranda sailkatu da, eta hirugarren Zaldibiako Beko Karnizerie.
Ormaiztegiko 39. Odolki eguneko txapelketako lehen hiru sarituak, antolatzaile eta agintariekin.Iñaki Gurrutxaga Deba odolkigile familiakoek asteari borobila eman diote gaur Ormaiztegin. Asteazkenean Ordizian Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapela jantzi ondoren, gaur Ormaiztegiko 39. Odolki txapelketakoa irabazi dute. Bigarren saria Ormaiztegiko Iñaki Harategiko Maria Peñarandak jaso du, eta hirugarrena Zaldibiako Beko Karnizerie harategiko Pili Sukia eta Diuvel Alvarezek –azken bi edizioetako irabazlea–.
Denera zazpi odolkigile aurkeztu dira lehiaketara. Podiumeko hirurez gain, honakoak: Beasainmendiko Odolkiak (Beasain), Izagirre harategia (Arrasate), Joxe Mari Barriola (Ibarra) eta Mujika Odolkiak (Ordizia-Beasain). Odolki txapelketa ez ezik, odolki osagai onenen lehiaketa eta odolkiarekin egindako plateraren gastronomia lehiaketa ere jokatu dira. Martin Callejo VII. Ardo dastaketa ere egin dute.
Aurrez, omenaldiak
Sariak banatu aurretik, omenaldien txanda izan da. Batetik, Odolkiaren Egunean urteetan parte hartu duten bi baserritar omendu dituzte: Juanita Murgiondo mutiloarra eta Maria Jesus Oria itsasoarra. Ormaiztegiko azokarekiko beti erakutsi duten konpromisoagatik jaso dute aitortza.
Eta bestetik, Odolki Egunean parte hartu duten herriko harakinei egin diete gorazarre. Iñaki Murua, Jexux Mari Deba, Iñaki Campos eta Jexux Mari Garmendia odolkigile eta odolkigile ohiek jaso dute herriaren aitortza. Campos eta Deba aspaldi jubilatu ziren arren, jarraipena izan dute euren negozioek; Garmendiak orain gutxi hartu du erretiroa Camposen jabetzakoa zen Erosleko harategian eta Muruak urtea hastearekin batera zintzilikatuko du mantala.
Ander Lekue Odolki taldeko kidea eta Jon Enrike alkateak eman dizkiete oroigarriak.
Lehiaketetako sailkapenak
39. Odolki lehiaketa (7 partaide)
- 1. Deba odolkiak (Ezkio-Ormaiztegi). 46,5 puntu
- 2. Maria Peñaranda (Ormaiztegi). 43, 5 puntu
- 3. Beko Karnizerie (Zaldibia). 39,5 puntu
Gastronomia lehiaketa (5 partaide)
- 1. Miren Makaia
Porru, perrexil eta oregano onena
- 1. Juanita Murgiondo (Mutiloa)
Tipula eta postu onena
- 1. Maria Jesus Oria (Itsaso)
Ardo dastaketa
Martin Callejo VII. Ardo dastaketa ere egin dute eguerdian. Xabier Simon dastaketa arduradunak aurreratu duenez, zortzi ardo ezberdin ekarri dituzte, launa beltz eta zuri, hainbat jatorritakoak. 10 euroan, odolki pintxoa jan eta nahi adina ardo edateko aukera izan dute bertaratuek.













