Gastronomiarekin zerikusia duten Goierriko zerbitzu turistiko guztiak antolatu eta egituratzeko asmoarekin sortu den Goierri Gastronomika kluba aurkeztu dute gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian. Sektore publikoaren eta pribatuaren elkarlanetik sortu da kluba, eta hasiera honetan ehun eragileren babesa lortu du. Klubaren helburu nagusia Goierriko turismo gastronomikoaren garapena sendotzea da. Igor Eguren Ordiziako alkatea eta Goiturreko lehendakariak, Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak, Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak eta Roke Akizu Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak gidatu dute gaur goizeko ekitaldia, klubaren bazkide diren dozenaka eragile ondoan zituztela. Laurek eskerrak eman zizkieten kluba sortzea posible egiten duten eragile guztiei, eta nabarmendu dute klub aitzaindaria dela erkidego mailan. Ehun eragileak Klubeko 100 eragileak honela banatzen dira: 28 jatetxe, 4 sagardotegi, 27 alojamendu (nekazalturismo eta landetxeak, aterpetxeak, hotelak eta pentsioak), 8 gourmet denda, 2 erretegi, pintxo taberna bat, 6 nekazal ustiategi, zerbitzu turistikoetarako lau enpresa, 10 industria bisitagarri, 3 interpretazio zentro, 5 turismo bulego, gozotegi bat eta catering zerbitzurako enpresa bat.