Ezker abertzaleko gazte erakundeen 40. urteurrena dela eta, Ernaik Goierri mailako topaketa egingo du. Lazkaoko plazan izango da juntadizoa, larunbat eguerdian. 'Goierri eraikiz' jardunaldia eta bazkaria egingo dituzte.
Ezker abertzaleko gazte erakundeen kontra Madrilen egiten ari diren epaiketaren barruan, Xumai Matxain zaldibiarrak deklaratu zuen atzo. Arazoak izan zituen itzulpenarekin, eta euskaraz hasi bazen ere, gazteleraz bukatu behar izan zuen. Auzitegitik aterata, "jasotako babesarekin oso gustura" daudela azaldu zuen. Berarekin batera auzipetuen artean dagoen Ion Telleria idiazabaldarrak grabatu du ondorengo bideoa.
Berria.info- Hasi da Euskal Herriko gazte mugimenduaren aurka inoiz egin den epaiketarik handiena. Berrogei gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan, Segiko kide izate hutsaren akusaziopean. Seina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak —denera, 240 urtekoa—, batik bat, inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta. Hiru saio egingo dituzte, goizeko 10:30ean hasita, gaur, bihar eta etzi. Ondoren, azaroaren 25, 26 eta 27an, eta abenduaren 9, 10 eta 11n daude jarrita auzi saioak, baina gehiago ere izan litezke. Auzipetuen artean daude Ion Telleria idiazabaldarra eta Xumai Matxain zaldibiarra.
Ion Telleria eta beste 40 gazteren kontrako epaiketa egiten ari dira Madrilen, ezker abertzaleko gazte erakundeen kontrako auzian. Hari elkartasuna adierazteko, Libre Eguna egin zuten Idiazabalen; horrekin batera, dozenaka herritarrek animo mezuak bidali nahi izan dizkiote Telleriari. Mezu horiek denak bildu dituzte Idiazbalgo Ernaik zabaldu duen bideo honetan.
Datozen asteetan hasiko dira ezker abertzaleko gazte erakundeen eta ‘herriko tabernen’ kontrako epaiketak. Hiru goierritar daude auzipetuen artean; Jon Gorrotxategi, Xumai Matxain eta Ion Telleria. ETAko kide izatea leporatzen diete denei. Beraiek ordea, argi dute “lan politikoa egiteagatik” daudela prozesatuta. Hirurak bildu ditu GoiBerri aldizkariak, aste honetako erreportaje nagusian. Bertan esandakoen laburpen bat ikus daiteke bideo honetan.