Epaiketen aurkako ekitaldiak egingo dituzte Seguran eta Zaldibian
Espainiako Auzitegi Nazionalean astelehenean hasiko den Jarrai-Haika-Segi gazte erakundeen aurkako epaiketa eta urriaren 17an ekingo zaion Herriko tabernen auziko 35/02 sumarioko epaiketa salatzeko, ekitaldiak antolatu dituzte Seguran eta Zaldibian, astebururako.
Seguran igandean gogoratuko dute Elorri elkartea eta Elorripe taberna ixteko arriskuan direla. 11:30ean ume jolasak, 13:00etan ekitaldia, 14:30ean bertso bazkaria, eta 18:00etan asto-gorotz jokoa egingo dituzte.
Seguran Elorri elkarteak «ekitaldi asko» antolatzen dituela gogoratu dute: «Gure helburua Seguran euskara, euskal mitologia, ohitura zaharrak, euskal nortasuna eta oro har herri bizi bat sortzea da. Ekintza hauek bultzatzen jarraitu nahi dugu». Herrikideei babesa eskatu diete. Segurako alderdi eta elkarteek babestu dute.
Zaldibian, Aske Eguna egingo dute, bihar. Txosna batzordeak antolatu du, Santa Fe jaietako azken jardunaldi modura. Gazte erakundeen auzian inputatuta dagoen Xumai Matxain zaldibiarrari eta Joxepane elkarte eta tabernari sustengua emango diete.
10:00etan haur jolasak, 11:30ean, Zaldibia eta Idiazabal arteko herri kirolak, triki-bertso-dantza poteoa, 14:30ean herri bazkaria, iluntzean ekitaldia, eta 23:00etan Egurra ta Kitto eta Guri5! taldeen kontzertua daude.













