Aplikazio berria estreinatu du Ordiziako azokak telefono mugikorretarako
Aplikazioaren helburua herritarrak azokara gerturatzea da. Bederatzi atal ditu eta laster, azokako produktuez osaturiko saskia ere eskuratu ahalko da. Android eta IOS telefonoentzat da
Ordiziako azokak telefonorako aplikazio berria estreinatu berri du. Ordiziako azokan asteazkenero finkatzen diren prezioen gaineko informazioa jasotzen du, besteak beste. Aplikazioa doan deskargatu daiteke Android eta IOS plataformentzat, euskaraz eta gazteleraz.
Herritarrek asteazkenetako azokaren informazio eguneratua sekula baino eskurago izango dute aplikazio berri honi esker. 2013an egin zuten azokaren lehenengo aplikazioa, baina oraingoa «berritua eta osatuagoa dator», Leire Arandiak, D’elikatuz zentroko arduradunak.
Bederatzi atalak
Bederatzi ataletan banatu dute azokaren aplikazio berri hau: Albisteak, azokako berriak jasoko dituenak; Salneurriak, azokan salgai dauden produktuen prezioak jakiteko; Bideoak; Azokako istorioak; Errezetak, azokan salgai dauden produktuekin egindakoak; Ekoizleen mapa, azokan egon ohi diren ekoizleen informazio zehatza; Komunitatea, iritziak elkarbanatzeko; Ni ere azokara, azokako produktuez osatutako saskia erosi ahal izateko balioko duena; eta,azkenik, kontaktua. Horiek dira aplikazioan aurkitu ahal diren atalak.
Dena den, horietako bi, Komunitatea eta Ni ere azokara, oraindik ez daude erabilgarri. Baina «hilabete batzuren bueltan horiek ere erabiltzeko moduan» izango direla jakinarazi du Arandiak.













