D-Pintxos taldearen disko berriko bideoklipa
D-Pintxos talde legazpiarrak disko berria du eskuartean, eta dagoeneko bideoklipa ere atera dute, aurrerapen modura. Kale zaharrean izeneko kanta aukeratu dute, Ahotsak izenarekin bataiatu duten diskoaren aurkezpen gutun modura.
D-Pintxos taldea 2009. urtean sortu zuten Legazpin, bertako 7 lagunek. Euskal talde rockeroen bertsioak egiten, beti ere, haizezko instrumentuekin lagunduta. 2012an grabatu zuten lehen diskoa, Zazpiak bat izenekoa. Iaz berriz, Legazpiko Gure Esku Dago ekimenerako kanta eta bideoklipa osatu zituzten.
Bigarren disko hau, 2014ko ekaina eta uztaila bitartean grabatu dute, Mutrikuko AME estudioetan. 11 abestiz osatua dago, 10 berriak dira, eta Gure Esku Dago ekimenerako egindako kanta ere sartu dute. Aurreko diskoan bezala, oraingoan ere hainbat herritarren kolaborazioak izan dituzte. Dagoeneko salgai dago, eta besteak beste, Durangoko Azokan ere eskuratu ahal izango da.













