Komunikazioak hobetze aldera LegorretApp aplikazioa sortu dute
Dagoeneko App Store edota Google Play-en deskargatu daiteke udalaren telefono aplikazio berria. Ostegunean, udaletxean egingo dute aurkezpena, herritar guztientzat
Legorretako Udalak LegorretApp aplikazioa garatu du sakelako telefonoetarako, ACV Multimedia etxearen laguntzaz, herritarrekin hartu-eman azkarra, zuzena eta hurbila izateko helburuz. Izan ere, udalak herritarrei albisteak, argazkiak, bideoak eta bestelakoak eskaintzeaz gain, herritarrek ere izango dute aukera udalari jakinarazpenak eta eskariak egiteko. App Store eta Google Play guneetan deskargatu daiteje aplikazioa.
Herritarrekin komunikatzeko orain arteko tresnen osagarri izango da aplikazio berria eta ondorengo aukerak eskainiko dizkio sakelekoan deskargatzen duenari: herritarren intereseko albisteak argitaratuko dira bertan; herriko agenda izango da, udalak zein herritarrek antolatutako ekintzena; herriko ekintzetan egindako argazki eta bideoak, karpetatan sailkatuta egongo dira, guztien eskura; kalean ikusi eta konpondu beharreko altzarien edo bestelakoen jakinarazpena bidali ahal izango dio herritarrak udalari, baita eskari edo proposamenen bat egin ere; Udalaren Facebook eta Twitter kontuekin lotura izango du; herriko talde eragileen albisteak irakurri ahal izango dira; Udal azpiegiturak edo materialak zuzenean erreserbatzeko gunea ere izango da; herriko txoko interesgarrien mapa ere bai; eta, azkenik, garraio publikoaren ordutegia, telefono interesgarriak eta eguraldiaren iragarpena ere begiratu ahal izango dira.
Aplikazioaren aurkezpena
Legorretako Udalak, herritarrek mugikorrerako aplikazio berriaren eta haren erabilpenaren inguruko informazio guztia izateko helburuarekin, bihar, osteguna, herritar guztientzat irekia izango den aurkezpena egingo du. Hitzordua, bihar, osteguna izango da, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.