Udako argazkiek badute saria
Martxan da Goierriko Hitzak eta Fotoetxek antolatutako Udako 12. Argazki Lehiaketa .Irailaren 30era arte bidal daitezke argazkiak .Sari gehiago banatuko dira aurten
Udako oporretatik bueltan gogorra egiten da ikasturte berriari ekitea. Oporretan ateratako argazkiak ikusiz kontsolatuko da bat baino gehiago. Baina argazki horiek saria izan dezakete. Goierriko Hitzak eta Fotoetxek Udako 12. Argazki Lehiaketa antolatu dute, eta aurten, berrikuntza ugarirekin dator. Izan ere, lehiaketa inoiz baino zabalagoa izango da, eta sari gehiagorekin. Aurten, goierritar guztiek parte hartu ahal izango dute, harpidedun izan edo ez, nahiz eta harpidedunek sari bereziak jasotzeko aukera izango duten. Irailaren 30era arteko epea dago parte hartu eta lanak aurkezteko.
Lehiakide bakoitzak gehienez bi argazki bidali ahal izango ditu. Parte hartzeko goierri@hitza.eus helbidera bidali behar dira irudiak. Jasotzen diren argazki guztiak goierri.hitza.eus webgunera igoko dira irailean zehar, eta irakurleek gustukoen dutena aukeratu ahal izango dute.
Guztira lau sari nagusi banatuko dira, eta beste sei Internet bidez boto gehien jasotzen dituztenen artean. Fotoetxeko argazkilariek eta Hitzaren lan taldeak osatuko dute epaimahaia. Sariak urrian banatuko dira.
Argazki lehiaketa:
Oinarriak
· Lehiaketa. Goierriko Hitzak eta Fotoetxek antolatutako Udako 12. Argazki Lehiaketa. · Epeak. Gaurtik irailaren 30era bitartean bidal daitezke argazkiak goierri@hitza.eus helbidera, datu guztiak jarrita: izen-abizenak, telefonoa, helbidea, herria eta harpidedun kodea (harpidedun direnen kasuan). · Parte-hartzea. Irekia izango da parte hartu nahi duten guztientzat. Harpideek ordea, sari berezietarako aukera izango dute. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 2 argazki bidali ahal izango ditu.Sariak
· Argazkirik onena. Fotoetxe dendak eskainita, 60×100 argazki handitua Kappa euskarrian. · Argazkirik originalena. Fotoetxek eskainita, 60x90eko argazki handitua Lienzo euskarrian. · Harpideen 1. Saria. Nekaturrek eskainitako Nekabonu Orlegia (86 nekazalturismoren artean egonaldi bat aukeratzeko). · Harpideen 2. Saria. Argindegi jatetxeak eskainita, bi lagunentzako menu berezia. · Bozketa. Internet bidez boto gehien jasotzen dituztenentzat 6 argazki handitze (24×30), Fotoetxek eskainita.













