Beasaingo alkateari
Zugana nator, Aitor Aldasoro jauna, Beasainen sortua eta herriaren parte naizen aldetik, Beasaingo Udalaren arduradun nagusia zarelako.
Beste gai batzuen artean, soldataren %26ko igoera onartu zenuten pasa den 2015eko ekainaren 25eko osoko bilkuran. Utz iezadazu gaiaren inguruan nire iritzia ematen, nahiz eta zu zein zure udal taldea ez zareten bat etorriko.
Iruditzen zait politikak sinesgarritasun osoa galtzen duela nork bere poltsikoa betetzeko erabiltzen badu. Alkate kargua hartzerakoan zeuk botatako hitzek ere halaxe galdu zuten.
Erabaki hori hartzeko garaian, erreparatu al zenien, krisiak jota, hain gaizki pasatzen ari diren beasaindar guztiei?
Udal langileak, hainbeste urtean (4, 6 edo batek daki zenbat) soldatak izoztuta dituztenak, izan al dituzu kontuan?
Nik uste ezetz. Gainera, uste dut bost axola zaizuela bai zuri, baita zure udal taldeari ere. Ez dit balio esateak udalarentzat baino ez duzula lanik egingo. Besteok ere egun osoko lanaldiak ditugu eta ez dugu halako dirutzarik jasotzen trukean. Inork ez dizkizu soldatak hain modu lotsagabean igotzen.
Azkenik, oker ez banago, zuen alderdiak demokrata-kristautzat du bere burua. Non utzi duzue alde kristaua kontu honetan? Halako erabakia hartu aurretik Caritasekin hitz egin bazenute, jakingo zenuten herri honetako familia ugariren egoera zein den: gorriak pasa behar izaten dituzte hilaren amaierara iristeko.
Agur t’erdi.
–Iñaki Lopez Castañares (Beasain).