Beasaingo Ernairen oharra, azaroaren 25aren harira
Gaurkoan Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguna dugu. Gizateriaren erdiak jasaten duten zapalketaren muturreko espresio diren indarkeriazko jarrerak deitoratu eta berauen erroetara joaz, emakumeen mendekotasuna gainditzea aldarrikatzeko eguna. Horretarako, errealitatearen irakurketa xehea egitea komeni da lehenik eta behin:
Esan dugun lez, erasook ez dira era isolatuan ulertu behar. Ez da kasualitatea bortxa jasaten dutenak %99an emakumeak izatea. Era sistematikoan dira jazarriak. Azter dezagun ba horren oinarrian dagoen sistema bera. Sexutik abiatuta egiten den genero eraikuntza ulertu behar dugu. Har edo eme, XX edo XY kromosomak izate hutsagatik, identitate jakin bat eraikitzen da. Gizon indartsua, gihartsua, abdominalez ongi hornituta, ausarta, kikilduko ez dena… “Matxotea”, finean. Emakumea, aldiz, leuna, goxoa, 90-60-90, 0an depilatua, korroskadarik botako ez duena… Bata indartsua, bestea ahul. Ahula indartsuaren zerbitzari. Emakumea gizonaren esanetara.
Horrek eragin zuzena du eguneroko pasarte diren emakumeen aurkako indarkeriarekin. Ia astero izan ohi dugu hilketa matxisten berri, nahiz eta hori ez den izebergaren punta besterik. Indarkeria matxista hilketetara mugatzen dela uste dute askok, emakume bat gizon baten eskutik erahila izan arte ez dela deus jazotzen dirudi. Biluzten zaituzten begiradak, ipurdia baimenik gabe ikutzea, itxura gabeko berbak, “baboso” bat izatea… horiek guztiak ere eraso sexistak dira! Hauek ez dira kasu puntualak, ezta burutik jota dagoen pertsona batek burutuak ere. Ideologia garbi bat dago honen guztiaren atzean, matxismoa; eta sistema ustel bat, patriarkatua. Ideologia matxistak bere erraiak ondo barneratu ditu gure gizartean eta modu batetara bakarrik deuseztatuko dugu: borroka feministaz. Hau da, egunez egun parekidetasunaren alde esparru guztietan lan eginaz.
Eraso sexisten aurrean beraz, izugarrizko lana daukagula begi bistakoa da. Egunerokotasunean emakumeak jasan behar izaten dituen erasoak kontaezinak egin zaizkigu jada. Hala bada, askotan ez dugu jakin ere egiten zer den erasoa eta zer ez, eta horregatik ikuspegi feminista izatea benetan beharrezkoa da, bestalde matxismoaren ikuspuntutik normaltzat joko baititugu eraso guzti horiek. Gizonaren sexu goseak edota emakumearen gainean duen ustezko indarrak sortzen diete erasotzaileei erasorako grina, eta hori guztia sistema batek babesten du. Eraso fisikoen aurrean, autodefentsa feminista indartu behar dugu, emakumeak defentsarik gabe gera ez daitezen pertsona koldar hauen aurrean.
Horregatik, argi dago eraso sexistekin amaitzeko feminismoaren ideiak barneratu behar ditugula geure gizartean eta noski, PATRIARKATUA SUNTSITU! Emakumeok bi titi pare eta ipurdi bat izatetik aparte indarra ere badugula erakutsi dugu, eta gure gorputza eta geure ideiak geureak soilik direla, inor ez dela izango euren jabe. Eraso fisikoen aurrean gogoz erabiliko dugu autodefentsa feminista, eta psikologikoei muzin egingo diegu; aspaldian ikasi baikenuen inperfektuak garela, eta perfekzioa existitzen ez den errealitate aspergarri bat litzatekeela.
ERASO SEXISTEN AURREAN, AUTOFEDENTSA FEMINISTA! PATRIARKATUAREN AURREAN, FEMINISMOA!