Bilduk aurrekontuei ezezkoa emateko arrazoien aurrean
Bilduk aurrekontuei ezezkoa emateko izan dituen arrazoien berri eman du prentsaren bidez. Izal Baik horren aurrean hainbat gauza argitu nahi dizkie herritarrei:
1- Ez gaude ados Bilduk aurrekontu hauei ezezkoa ematearekin, elkarrekin landutako aurrekontuak izan baitira.
2- Aurrekontuak onartzeko udalbatzarra baino lehen egindako ogasun batzordeetan ez digute aurrekontuei ezezkoa eman diezaieketen zantzu bat bakarra ere eman.
3- Aurrekontuak lantzerakoan frontoiaz behin baino gehiagotan hitz egin dugu udal kideon artean, baita aurretik ere, eta frontoiaren lanketa ez dago aurrekontuetan sartzeko behar adinako zehaztasunetan.
4- Ez dago frontoia eraberritzeko proiekturik oraindik, beraiek hori badiote ere; bestela, atera dezatela. Dagoena ideia bat da, Frontoia Eraberritzeko Batzordean ateratako beharrei erantzunez osatutako AURREPROIEKTUA. Bildu ez da hitzez nahastu, herritarrak nahastu nahi izan ditu.
5- Frontoiaren eraberritzea zenbat kosta daitekeen jakiteko oinarrizko kalkulu batzuk egiten ari dira teknikoak, eta datu horiek ditugunean Frontoiaren Eraberritze Batzordea konbokatuko da berriz, bertan aztertu ditzagun. Hori Bilduko ordezkariekin hitz egindakoa da, aurrekontuak onartu aurreko ogasun batzordeko bilera batean.
6- Frontoian mantenurik ez dela egiten aipatu du Bilduk, eta harriduraz hartzen dugu guri hori leporatzea, beraiek daramatenean kiroletako batzordea. Xume tabernan argazkiak jarrita eta prentsan guri hori leporatuta ez, baizik eta dauden arazoak konpontzeko aurrekontuak lortuz eta konpontzeko proposamena eginez eman behar zaie irtenbidea arazo horiei.
7- Osasun zentrorako 200.000 euro bideratu ditugu, baina diru hori osorik edo zati handi batean Osakidetzako diru laguntzaz berreskuratuko dugu, aurten egindako gestioen ondorioz lortutako diru laguntza. Eta hori Bilduk jakin arren, bere adierazpenetan ez da azaldu.
8- Beste behin ere, gezurrekin eta egi erdiekin herritarren artean zalantzak eta giro txarra sortzeko helburuarekin dabil Idiazabalgo Bildu. Gure ustez hau ez da herrigintzarako giroa eta berriz ere jarrera aldaketa eskatzen diegu, elkarlanean herriaren garapenaren alde lan egin dezagun. Horretan bidelagun izango gaituzue. Guk bidelagun nahi zaituztegu.
Ioritz Imaz (Izal Bai).