Dena aldatu, sistema arrakalatu!
Martxoaren 8a gainean da, eta egun horren harira ondorengo idatzia bidali dute Goierriko Neska Gazteak talde feministaren izenean.
Aurtengo martxoaren 8ak pandemian harrapatu gaitu oraindik. Aurreko urteko hazietatik sortu ginen, lanean hasteko eta neska* gazteok antolatzeko beharra ikusita, biltzen hasi ginen. Eta osasun-krisiaren izenean etxean sartu arazi gintuzten.
Ezin esan Goierriko Neska* Taldeko kideok erraztasunez hasi dugunik gure ibilbidea, baina horregatik diogu ezerk ez gaituela geldituko. Antolatzen jarraitu dugu, elkarrekin sortzen, elkarrengandik ikasten eta elkarrekin konspiratzen.
Egoera ilunean sua piztuta mantentzen ikasi dugu eta horrela jarraituko dugu, kaleak berreskuratzen ditugunean sugarretan dantza egiteko!
Eta zer esan egungo egoeraz? Ba, argi geratu dela gobernuek kapitala osasunaren gainetik jarri dutela; neska* gazteon prekarizazioak aurrera jarraitzen duela, etenik gabe; ikasleok kudeaketa penagarriaren ondorioak jasan ditugula, gure hitza kontuan hartu gabe; isilik manten gaitezen, kaleak militarizatu eta abusu polizial etengabeak ikusi ditugula; gainera, abusu hauei gorputz polizialek zein instituzionalek egindako abusu arrazistak gehitu behar zaizkiela; kide ugarik kaleratuak izateko arriskua dutela edo espazio okupatuak desalojatu dituztela; milaka emakumek* lan merkatua utzi behar izan dutela zaintza lanetarako; Euskal Herritarrok gure herrian erabakiak hartzeko ahalmen eza azaleratu dela; eta, eragin zuzena izan duela bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan, eremu feminizatuetan.
Osasun-krisia omen honen arduradun nagusia, baina lehertu dena ez da osasun-krisia soilik izan. Krisi hau ez zen pandemiarekin bakarrik hasi eta aurtengo martxoaren 8an sistemari arrakalak sortzen jarraituko dugu. Horretarako, kalea berreskuratu eta salaketa espazio bilakatuko ditugu.
Sistema ustel hau arrakalatu eta feminismoan antolatu eta borrokan jarraitu behar dugu, bizitza sostengatzen duten ardurak kolektibizatuz eta botere harremanak errotik aldatuz.
Euskal Herrian eta Euskal Herritik DENA aldatzeko lanean jarraituko dugu eta horretarako martxoaren 8an erdigune eta bazter guztietan mobilizatuko gara, DENA ALDATUKO DUGU SISTEMA ARRAKALATZEKO!
Neska* gazte, emakume*, trans, bollera, martxoaren 8an har dezagun plaza Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antiarrazista eraikitzeko!
Gora borroka feminista!