Erronka onartzen dut
Joan den astean Legazpiko Atez Atekoaren aurkako Plataformak, materia organikoaren bilketa ikuskatzeko erronka luzatu zidan. Idatzi honen bitartez Plataformari jakinarazten diot erronka onartu egiten dudala. Datorren asteazkenean martxoak 5, arratsaldeko 18:30etan, kultur etxean biltzera deitzen zaituztet. Bilera horretan lan-metodologia adostuko dugu. Bilera gela erreserbatzeaz ni arduratuko naiz.
Gogoeta hauek aurreratzen dizkizuet:
- Eztabaida eraikitzaile eta arrazoituaren aldekoa naiz. Zentzuzko eztabaida ekiditu ditzaketen intsinuazioak eta ondorioak saihestu behar ditugu.
- Plataformak gauzatu duen atez atekoaren baldeen eguneroko kontaketaren emaitza ez dut zalantzan jartzen. Nire kalkulu matematikoen arabera, esekitokietan lagatako balde kopurua egunero bataz beste 430-480 artean mugitzen da.
- Plataformaren okerra Atez Atekoaren baldearen erabilerari atxikitzen dion kadentzian dago. Zenbatzen dituzuen baldeak nominalki ez dira berdinak. Erabilpen maiztasuna ez da finkoa, aldakorra baizik.
- Datu onargarri moduan, atez atekoaren erabiltzaileak 400 familia direla mantentzea, hutsegite larria da. Kopuru hau zuzenduz eta ofiziala den 928 familiagatik ordezkatuz gero, ratioak parekatu egiten dira.
- Organikoaren atez atekoa 5 aldiz garestiagoa dela dioen ondorio ekonomikoa ez da zuzena. Arrazoia: edukinontzi sistemari ez zaizkio kostu guztiak leporatzen eta kalkulua fikziozko datuekin egin da. Eta galdera osagarri bat: Zer gertatu da errefusaren atez atekoaren kostuen bilakaerarekin?