ETB eta... Albertoren gonbidatuak
Aitzol Asurmendi•
Goizeko hamarrak pasatxo, ETB 2ko platoren batean Aitzol Zubizarreta kazetari ezaguna moderatzaile lanetan, eta hiru gonbidatu (bi gizonezko –bat Correo Taldekoa– eta emakumezko bat) joan den asteburuko gertakari garrantzitsuenei «astindua» ematen…
Jorratu duten albisteetako batek Venezuelara eraman gaitu: herrialdeko presidentzia lortzeko bezperan egindako hauteskundeak Hugo Chavez jarduneko presidenteak irabazi ditu, botoen % 55 eskuratuta; ondorioz, bere agintaldia 2019ra arte luzatzea lortu du; oposizioaren buru Henrike Caprilesek, berriz, % 44 erdietsi du. Bien arteko aldea 1.300.000 botokoa izan dela Internet bidez jakin dut, Alberto Suriok zuzentzen duen kateko «gonbidatuen ahotik», behintzat, ez baita atera!
Atera, atera… beste hainbat kontu atera dira, jendeari hausnarketa eragiteko «apropos askoak», antza:
– Bai, Chavezek garaipena lortu du, baina herrialdearen ia erdia kontra duela ez dezala ahaztu! Hauteskundez hauteskunde, gero eta aurkari gehiago ditu!
– Chavezen politikak venezuelar gizartea hausturara darama (fractura social delako hori EAEko zein lehendakariri ari natzaio egunotan behin eta berriro entzuten?).
– Ez dezagun ahaztu Hugo Chavez populista hutsa dela (Espainiako On Mariano Raxoik ez ote zituen 2011ko azaroko hauteskundeen aurreko hamabost egunetan mila eta bat promes egin… gerora inondik inora bete ez dituenak?).
– Jakin dezala Chavezek venezuelar asko eta asko miseria gorrian bizi direla…
– Caprilesek galdu, bai, baina gaztea da… eta hurrengoan, agian…
Bai, jaun-andreok, HIRU GONBIDATUAK IRITZI BEREKOAK ziren: Hugo Rafael Chavez seme kuttuntzat izatetik oso urrun zeudela esan genezake, eta bezperako hauteskundeen emaitzen aurrean ezin zuten euren ezinegona ezkutatu, ezin zuten barneratu «showman» horrek –euren pentsakera bereko askok «pailazo» ere deitzen diote– planta oneko Henrikeri irabazi izana…
Nik, Suriok gonbidatu ez duen balizko laugarrena izatera, beste galdera batzuen bidez erantzungo nieke:
– Zer dela eta eman diote boza edo botoa «populista» horri… miseria gorrian dauden hainbatek? Eta zergatik doakie hobeto orain, eta ez duela 13, 20 edo 40 urte? Gastu sozialera bideratutako dirua inguruko beste edozein herrialdetakoa baino handiagoa izan delako? Bost venezuelarretik batek pobreziatik ateratzea lortu duelako? Datu esanguratsuak ondorengoak, CEPAL Comisión Económica Para América Latina y el Caribe institutuak emanak: 1.999an, Chavez Gobernura iristean, pobrezia % 49,4koa zen eta 2.010ean % 27,8koa; muturreko pobreziari dagokionez, 1.999an %21,7koa eta 2.010ean % 10,7koa…
– Zergatik irabazi ote ditu hauteskundeak hirugarren aldiz jarraian… oposizioaren esku dauden betiko komunikabide boteretsuenak (El Nacional, El Universal egunkariak…) beti kontra eta irainka izanda?
– Nolako «izugarrikeriak» egin ote ditu gizon honek «Mendebaldeko» agintari gorenek Satanen ondorengotzat jo dezaten? Herrialdearen baliabide garrantzitsuena den petroliotik ateratako sos asko eta asko behar handiena duten herritarrengana bideratzeagatik, akaso? Analfabetismo-tasa 1.999ko % 9,1etik 2.011ko % 4,9ra jaistea lortzeagatik, agian?
– 2.002ko apirilaren 11n «indar demokratikoak» Hugo Chavezi herriak eman zion boterea estatu-kolpe bidez kentzen saiatu ziren. Zergatik?
Estatu-kolpea aipatu dugularik, ez dezagun ahaztu azken urteotan Madrilen hain ezaguna den EAJko Iñaki Anasagasti diputatuak hitz «interesgarri» askoak izan zituela 2.002ko apiril hartan CIAk eta Eliza Katolikoak babesturiko militar kolpistek, Chavez preso hartuta, Pedro Carmona enpresaburuen nagusia agintera eraman zutenean. Gure Iñakik, jaiotzez venezuelarra izaki, eta bertako «euskal diaspora aberatsa» Chavezen kontrakoa dela jakinik, ez zuen inolako lotsarik izan apirilaren 14ra arte iraun zuen estatu-kolpe hari bedeinkapena emateko…