Euskararen herrian erdaraz nahi gaituzte
Karmele Aierbe, Josu Larrea • Ezker Abertzalea Bi Estatuek, Euskal Herriaren aurkako mendeetako zapalkuntza politikoaren barruan, gurea ez den nortasun arrotza inposatu digute eta inposatu nahian jarraitzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara lehenesteko hartutako konpromisoak, euskararen herrian, gure etxean, arrotz nahi gaituztenengan, hautsak harrotu ditu eta mehatxu egin digute. Urriaren 4an, Gallardon jaunak Donostian honela zioen hizkuntza eskakizunak betetzen ez dituzten enpresen kontratuak eteteaz: «Estatuaren abokatuak horren legezkotasuna aztertzen ari dira». Eta ez hori bakarrik, Bilduren jokaera legez kanpokoa izan daitekeenaren «zantzu argia» ikusi omen zuen. Berarekin batera, kazetari espainiarrek ere probokaziotzat hartu dute Foru Aldundiaren erabakia, izan ere, Euskal Herrian ez dira sekula arrotz sentitu, ez dute beren burua diskriminaturik ikusi, ez dute euskara ikasi beharrik izan eta euskaraz egiten diren agerraldi guztietan, berehalaxe «en castellano!» diote lotsa gutxirekin. Euskal Herrian eta are gehiago Gipuzkoan, euskara ulertu ere egin gabe kazetari izan nahi duenak erakusten duen profesionaltasunaren maila ez omen du inork kolokan jartzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere agerpenetan euskara lehenesteko erabaki neurritsuak, euskal herritar askorengan sortu du ilusioa eta «bazen garaia» esanez txalotu dute. Baina oraingoan ere, itzulpen zerbitzua jarrita, gaztelaniaz egiteko eskubidea bermatuta, eta bestelako hainbat neurri hartuta, horregatik ere neurritsua GFAren erabakia, Basagoiti jaunak Gipuzkoan euskara [...]
Karmele Aierbe, Josu Larrea • Ezker Abertzalea
Bi Estatuek, Euskal Herriaren aurkako mendeetako zapalkuntza politikoaren barruan, gurea ez den nortasun arrotza inposatu digute eta inposatu nahian jarraitzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara lehenesteko hartutako konpromisoak, euskararen herrian, gure etxean, arrotz nahi gaituztenengan, hautsak harrotu ditu eta mehatxu egin digute.
Urriaren 4an, Gallardon jaunak Donostian honela zioen hizkuntza eskakizunak betetzen ez dituzten enpresen kontratuak eteteaz: «Estatuaren abokatuak horren legezkotasuna aztertzen ari dira». Eta ez hori bakarrik, Bilduren jokaera legez kanpokoa izan daitekeenaren «zantzu argia» ikusi omen zuen. Berarekin batera, kazetari espainiarrek ere probokaziotzat hartu dute Foru Aldundiaren erabakia, izan ere, Euskal Herrian ez dira sekula arrotz sentitu, ez dute beren burua diskriminaturik ikusi, ez dute euskara ikasi beharrik izan eta euskaraz egiten diren agerraldi guztietan, berehalaxe «en castellano!» diote lotsa gutxirekin. Euskal Herrian eta are gehiago Gipuzkoan, euskara ulertu ere egin gabe kazetari izan nahi duenak erakusten duen profesionaltasunaren maila ez omen du inork kolokan jartzen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere agerpenetan euskara lehenesteko erabaki neurritsuak, euskal herritar askorengan sortu du ilusioa eta «bazen garaia» esanez txalotu dute. Baina oraingoan ere, itzulpen zerbitzua jarrita, gaztelaniaz egiteko eskubidea bermatuta, eta bestelako hainbat neurri hartuta, horregatik ere neurritsua GFAren erabakia, Basagoiti jaunak Gipuzkoan euskara inposatzen ari dela dio. Mendia andereak ere, kontratu publikoetako hizkuntza eskakizunek Europako legeak urra zitzakeela dio. Berezko duen lurraldean bertako hizkuntza zaharrena erabiltzearen kontra egingo ote dute bada, Eusko Jaurlaritzak eta Europako legeriak?
Jaun-andreok, izan gaitezen zintzoak, euskara da Euskal Herrian bizi dugun gatazkaren muin nagusietakoa. Zientzia politikoetan irakasten denez, nazio-anitza den edozein estaturen helburu da, nagusi ez diren bazterreko hizkuntzak desagerraraztea. Hori era askotan egiten da, batasunaren, berdintasunaren, gizalegearen, beraiek erakusten ez duten «edukazioaren» edota bestelako edozein aitzakiaren azpian mozorrotuta bada ere.
Eta zurrunbilo honen erdian, Espainiako Gobernuko ordezkari den Urquijo jaunarentzat, ez omen da legezkoa eta ez omen du «kontsentituko». Zer egiteko asmoa duzu bada, Urquijo jauna? Zigortu egingo gaituzue berriz ere? Geure nagusiei egin bezala, bandera espainolekin egindako txoriak jarri buruan, txoriburu horrek? Izan ere, gure nagusiei ezarritako zigorrek eta minek ekarri dute egungo euskaldun gehienek segun noren eta zeren aurrean beraien hizkuntzan (izan ama hizkuntza zein hautazkoa) egiteko beldurra eta konplexua.
Adi baina! Euskaldunak esnatzen ari direla pentsatu nahi dugu, horrela behar duelako, orain ala inoiz ez. Eta eguneroko bizimoduan euskaldun agertzeko, euskaraz lan egin ahal izateko eta finean, euskaraz bizitzeko hasitako bidean besteak beste hauexek egiteko asmoa daukagu: euskararen ikaskuntza erraztu eta ahal dugun mailan doakotasunera bideratu zein gure esku dauden funtzio guztiak (geure ingurutik hasita) euskaraz bete ahal izateko bidea erraztu. Horren barruan, txalotu egiten dugu GFAk sakondutako bidea eta geure egiten dugu, orain arte, zerga aitorpenari dagokionean behintzat, ia 50.000 gipuzkoarrek bere egin duten bezala.
Eta indarrez ezarriak izan arren, indarrean diren legeak betez egiten ari den heinean, euskararen herrian euskaraz bizi nahi dugunontzat, errespetua baizik ez dizuegu eskatuko, orain arte izan ez duzuena, ea horrela ezagutzan sakontzen duzuen, hobeto ulertzen gaituzuen eta eztabaida faltsu eta interesatuok baztertu ahal ditugun.
Euskaldunoi, ordea, beste eskari bat: euskaraz egin daitekeen guztia egin dezagun, ager zaitezte euskaldun edonoiz eta edozertarako, gu ere horretarako bidean gara, ea zenbat eta nortzuk garen ikusita errespetu handiagoa diguten eta euskaraz bakean bizitzen uzten diguten.
Ezker Abertzaleak, Foru Aldundiak hartutako erabakiarekin bat egiten du. Euskararik gabe ez da Euskal Herririk eta gure etxean arrotz nahi gaituztenen aurrean zutik, denok bat eginda, erantzun behar dugu. Euskaraz ez dakienak ikasi eta dakigunak erabili behar dugu! Euskarak aurrera ez egitearen egoera aldatu eta irabazpidean jartzeko garaia da. Orain ala inoiz ez!