Birziklatzea. Gaika sailkatzea. Herritarron egiteko ezinbestekoa da, eta hala egin behar genuke, natural, pentsatu gabe. Pentsatu gabe, segurtasun uhala jartzen dugun bezala autoan sartu orduko.
Ibilbide bat badugu egina: beiraren edukiontzia izan zen lehena; atzetik etorri ziren paperarena eta ontzi arinena, eta ondoren organikoarena eta errefusarena. Ikasi dugu gauza bakoitza nora bota behar den. Hartuak ditugu ohiturak. Gazteok errazago, seguru asko, eta umeek zer esanik ez, baina adineko askok ere ederki asko bereizten dituzte denak. Nahi izatea baita gakoa, borondatea.
Eta halaxe sinistu eta sinetsarazi behar dugu denoi dagokigula hondakinak gaika sailkatzea; ingurumena zaintzea dagokigula, alegia. Denoi. Garai batean, aukerakoa zen. Aukerakoa zen ez sailkatzea, baina jabetu ginen hori ez zela bide egokia: ez errespetuzkoa, ez ingurumenaren aldekoa. Atez ateko sistemarekin bide bat egin dugu gure herrian, Legorretan. Aldekoak eta aurkakoak izan dira, baina ezin da ukatu aurrerapausoak eman ditugula. Izugarri hobetu ditugu bilketa datuak: %64 biltzen dugu gaika. Denok egin dugu bide hori. Denoi esker.
Baina ez da nahikoa. Gure eskualdean, esate baterako, badira %85etik gora biltzen dutenak. Eta horretara jo behar dugu: emaitzak hobetzera, ahalik eta gehien.
Hain justu, horrexegatik egin genuen akordioa udalean, emaitzak hobetu nahi ditugulako, adostasuna nahi dugulako, aurrera begiratu nahi dugulako, eta herria txukun nahi dugulako; izan ere, nahi genukeenaren oso bestelako itxura du herriak gaur egun. Helburua, hain zuzen, emaitzak baitira, ez hori nola egiten dugun, zein sistema darabilgun.
Igandean, udaleko bi alderdiok adostutako sistemarekin konforme al zaudeten galdetuko dizuegu herritarroi, zuen iritzia jakin nahi baitugu. Gauza bakarra eskatuko dizuet: joan zaitezte botoa ematera, erabakia denona baita. Eta, jakina, herriak irabaz dezala.
– Zelai Amenabarro Goikoetxea (Legorretako alkatea)