Gure semearen atxiloketaren aurrean
Legazpin atxilotutako gaztearen gurasoek bidalitako gutuna, hari emandako tratu "umiliagarria" eta akusazio faltsuak salatuz.
Joan den larunbatean gure semea modu umiliagarri eta neurrigabean atxilotu zuten. Irudiak hor daude froga emateko, eta oso gaizki hitz egiten dute kasu honetan poliziak izan duen jokabideaz. Komisarian gau bat baldintza penagarrietan igaro ondoren, Epaitegira eraman zuten, eta bertan aske utzi zuten, oso akusazio larrien pean.
Uste sendoa dugu gure semea ez dela delitu horien erruduna. Ez bakarrik guraso gisa dakigulako ez lituzkeela egingo, baizik eta lekuko askoren lekukotasuna daukagulako –eta hori bai, froga bat da– eta gertatu zen guztia ikusi zutelako.
Eta froga horiek ditugunez, jendaurrean salatu behar dugu esku hartzen zuten agenteek gezurra esan dutela. Hau guztia zergatik egiten duten eta zergatik zigortu nahi duten horrela gure semea, gure ulermenetik kanpo dagoen zerbait da. Basetik inor atxilotzeko agindurik zegoen? Operazioaren ‘arduradunarekin’ izan genuen elkarrizketa kafkiarra izan zen, kontra- esankorra eta zentzugabea.
Orain, desabantailan gaudela jakinda borrokatu egin behar dugu, balio handiagoa ematen baitzaio agente baten testigantzari herritar arrunt batenari baino. Eta hori ere bidegabea da botere hori eskrupulurik gabeko agenteen eskuetan erortzen denean.
Baina horretan jarriko dugu arreta, gure semearen defentsan, polizia-jardun oker horrek bere etorkizuna baldintzatu ez dezan.
Eta eskerrak eman nahi dizkiogu orain arte izan dugun eta izaten ari garen babesari. Eskerrik asko bidegabekeria horren aurka beren borondatez protesta egitea erabaki duten gurasoei.