Gutun irekia EH Bilduri
Zeraingo herritarren nahiaren gehiengoaren kontra (2015eko otsailaren 22ko galdeketako emaitzak ikusi besterik ez dago: zentsoaren erdia baino gehiago zerrenda bakarraren alde agertu zen) EH Bilduk Zerainen hautagaitza aurkeztu zuen. Horren ondorioz, gure zerrendak atzera egin zuen publikoki azaldutako arrazoiak tarteko eta herri ereduaren aldeko defentsa eginez. Beraz, EH Bildurena da momentu honetan Udal hauteskundeetarako herrian dugun aukera bakarra. Aukera horren aurrean, eta herrirako proposatzen duen programa ikusita, hainbat zalantza eta galdera sortzen zaizkigu eta zeraindarrok igandea baino lehen horien erantzun publikoak izateko eskubidea dugula uste dugu.
-
Gutxienez zer babes behar du EH BIlduk alkatetza eta udal gobernua hartzeko? Legeak dioen %5ekin aurrera egingo al du? Eta zer egingo du %15, %20 edo %30eko babesa badu? Herritarren gehiengoaren babesik gabe aurrera jarraituko al du? Programan esaten den “herritar guztien elkarbizitza egokia eta herritarrak batzea” lortzeko hori al da EH Bilduk defendatzen duena?
-
EH Bilduk alkatea edo zinegotziren bat liberatuko al du Udal ordezkari gisa aritzeko? Azken zortzi legealdietan inork ez du kobratu udal ordezkari izateagatik. Igandea baino lehen, zeraindarrok jakin dezakegu EH BIlduren udal gobernua zenbat kostako zaigun? Ea legeak baimentzen duen urteko 30.000 euro arteko soldataren batekin inor liberatuko al den? Programako gardentasunaren atalean esaten denez, “Udalak, gainontzeko erakunde publikoek bezala, herritarron dirua kudeatzen duen momentutik, bere jarduna gardentasunean oinarritzea ezinbestekoa da”; beraz Udala eratu aurretik gardena izatea ere ezinbestekoa dela ulertzen dugu: Udal taldeko inork kobratuko al du datorren legealdian Zerainen?
-
Zein da herri-langileekiko EH Bilduk duen asmoa? Egungo herri-langileak eta haien lan baldintzak mantenduko al ditu EH Bilduren Udal gobernu berriak? Zer gertatuko da funtzionario ez diren, baina herrian lan egiten duten langile publikoekin?
-
Herrian azken urteetan garatu den egitasmo sozio-ekonomikoaren arloan eta batez ere turismoari lotuta sortu diren lanpostuekin zer gertatuko da? Turismo bulegoa, aterpetxea, herriko guneak bisitatzeko zerbitzuak eta abar kudeatzen dituzten pertsonen lanari eustera konprometitzen al da EH Bildu? Ala programako “turismoa jasangarria izateko eta egokitzapenak egiteko” asmo horren atzean lanpostu horiek ezabatzea ere badago?
-
EH Bilduk herritarrek parte har dezaten programan proposatzen dituen “batzorde gutxi eta eraginkor” horietan eta “herri batzarretan”, gehiengoaren iritzia errespetatuko al du Udalak?
EH Bilduk zeraindarroi galdera hauen erantzun ofizialak eta idatziak zor dizkigula uste dugu. Herrian eragin duen egoera berriaren aurrean, zalantza eta egonezin hauek lehenbailehen argitzeko eskatzen diogu.
ZERAINGO HERRI KANDIDATURA