Gutuna (Lazkaoko Bildu): “Zeren beldur da Lazkaoko PNV?”
Zeren beldur da Lazkaoko PNV? Azken aldian komunikabideetan agertutako albiste eta gutunei erantzunez, Lazkaoko Bildutik, hondakinen gaiari dagokionez, gure helburua Zero Zabor politika garatzea dela helburu garbi utzi nahi dugu. Gaur egun, Lazkaon dugun 5 edukiontzien sistemarekin, %42,5eko birziklapen tasa lortu da. Atez ateko sistema ezarri den herrietan, aldiz, jasotzen den hondakinetatik %80 birziklatzera iristen dira. Beraz, argi dago, momentu honetan atez ateko sistema dela emaitzarik onenak ematen dituen bilketa eredua. Atez ateko sistema, Zero zabor politika lortzeko bidea izateaz gain, aurreko legealdian PNV eta bere kideek inposatu nahi ziguten erraustegia ez eraikitzeko modu bakarra da. Guk ez dugu erraustegirik nahi, eguratsean metal astunak zabaldu eta toxiko diren hondakinak sortzen dituelako, herritarren osasunerako eta ingurumenerako kaltegarri direnak. Ondorioz, arrazoiak garbiak dira atez ateko sistemaren alde egiteko. Ez dira ulergarriak alderdi politikoek birziklatze hitzarekin ahoa bete eta sistema honen aurka erabiltzen ari diren argudioak. Guk hitzetatik ekintzetara pasa nahi dugu, horregatik egiten dugu sistema honen alde. Partaidetza. Partaidetzari buruz lazkaotarrei galdera bat luzatu nahi diegu: inoiz jaso al duzu aurreko agintarien gonbidapenik zure iritziaren berri jasotzeko? Hirigintzan, ogasunean edo beste arloren batean hartutako erabakietan kontuan izan al zuten herriaren nahia? Bildu udalera iritsi zenetik, udala herrira zabaltzeko ardura hartu genuen. Horien [...]
Zeren beldur da Lazkaoko PNV?
Azken aldian komunikabideetan agertutako albiste eta gutunei erantzunez, Lazkaoko Bildutik, hondakinen gaiari dagokionez, gure helburua Zero Zabor politika garatzea dela helburu garbi utzi nahi dugu.
Gaur egun, Lazkaon dugun 5 edukiontzien sistemarekin, %42,5eko birziklapen tasa lortu da. Atez ateko sistema ezarri den herrietan, aldiz, jasotzen den hondakinetatik %80 birziklatzera iristen dira. Beraz, argi dago, momentu honetan atez ateko sistema dela emaitzarik onenak ematen dituen bilketa eredua.
Atez ateko sistema, Zero zabor politika lortzeko bidea izateaz gain, aurreko legealdian PNV eta bere kideek inposatu nahi ziguten erraustegia ez eraikitzeko modu bakarra da. Guk ez dugu erraustegirik nahi, eguratsean metal astunak zabaldu eta toxiko diren hondakinak sortzen dituelako, herritarren osasunerako eta ingurumenerako kaltegarri direnak.
Ondorioz, arrazoiak garbiak dira atez ateko sistemaren alde egiteko. Ez dira ulergarriak alderdi politikoek birziklatze hitzarekin ahoa bete eta sistema honen aurka erabiltzen ari diren argudioak. Guk hitzetatik ekintzetara pasa nahi dugu, horregatik egiten dugu sistema honen alde.
Partaidetza. Partaidetzari buruz lazkaotarrei galdera bat luzatu nahi diegu: inoiz jaso al duzu aurreko agintarien gonbidapenik zure iritziaren berri jasotzeko? Hirigintzan, ogasunean edo beste arloren batean hartutako erabakietan kontuan izan al zuten herriaren nahia?
Bildu udalera iritsi zenetik, udala herrira zabaltzeko ardura hartu genuen. Horien artean daude egin diren hainbat ekimen: herri guztiari gutun bat helaraztea batzordeetan parte hartzeko, 2012ko aurrekontu eta udal tasen aurkezpen irekia, baserritarrekin bilerak… Udaberrirako auzoz auzoko kontaktu bilerak prestatzen ari gara. Ez gara ekintza horietara bakarrik mugatuko, guk hitza beteko dugu eta parte-hartzea helburu duten ekimen gehiago burutuko ditugu.
Honen haritik, hondakinen gaiak sortutako duda eta galderei erantzuna emateko asmoz, martxoan gai honen inguruko batzar irekia burutuko dugu Arerian, non herritar guztiak gonbidatuak zaudeten.
Zertara jolasten ari da PNV?
Bukatzeko, komunikabideetara Lazkaoko PNVk helarazi duen gutunean, alkateari hitza bete ez izana leporatzen dio: «Alkateak atez atekoari buruz alderdi desberdinen artean hitz egingo zela esan zuen urtarrileko Osoko Bilkuran. Hilabete geroago erabakia hartuta dago. Baina ez da alderdien arteko eztabaidarik izan».
Urtarrilaren 26an ospatu zen bilkuran, aktan jasotakoak aldiz, honakoa dio hitzez hitz: «Alkateak (Bildu) esaten du ez dela bere nahia edukiontzi edo atez-ateko bilketaren inguruan eztabaida sortzea, egokia eztabaida hori ingurumen batzordean ematea delako eta gehitzen du garrantzitsuagoa jotzen duela adostasunera iristea». Akta hau udalean gauden alderdi guztien oniritziarekin onartua izan zen.
Hurrengo ingurumen batzordea ospatzerako, Patxi Albisu zinegotziak gai hau jorratuko zen bilerara agertzeko nahia aurkeztu zuen. Gonbidapena luzatu zitzaion beste kideei bezalaxe, baina ez zen agertu.
Batzordea ospatzean, hainbat herritar, tartean, PNVko Inazio Estensoro eta Bilduko Andoitz Garmendia eta Azeari Andonegi izan ziren. Hondakin bilketa sistemaren inguruan hitz egin zen bilera osoan eta atez ateko bilketa sistema egokia zela adostu zen. PNVko ordezkariak ez zuen inongo momentutan sistema honen aurkako iritzirik eman.
Ez dugu ulertzen Lazkaoko PNVren jokabidea, eztabaida eta nahasmena sortzeko asmoz komunikabideetara jotzen duenean. Hitz egin beharreko guneetan (batzordeak, esaterako) ez dute iritzirik ematen eta, ostera, hartutako erabakien aurkako oharrak prentsara helarazten dituzte. Lazkaoko Bilduk argi du: batzorde guztiak zabalik daude herritar guztientzat gai hau eta sortzen direnak eztabaidatzeko, hau baita gai horiek jorratzeko esparrua.
Azeari Andonegi, Kepa Goenaga, Haizea Mendia, Andoitz Garmendia, Maialen Aldasoro, Arantxa Bengoa eta Urtzi Iruin. Lazkaoko Bilduko hautetsiak.