Hitz egiteko aukerarik gabe, kaleratuak
Zaldibiako Jaiak dendako bi langile ohik bertan bizitako egoera azaldu dute.
2008ko urriaren 30ean, Jaiak mozorro dendako bi langileok sindikatura joan ginen gure lan-egoera argitu nahian. Une hartan izan genuen, lehen aldiz, gure eskuetan nomina bat. Sindikatuak Ehungintzako Lan Hitzarmena –Patronalak errekurritua, noski– proposatu zigun, enpresari emateko. Azaroaren 3an eman genion, esanez: begiratu, hausnartu eta mahai bueltan eser gaitezen lan-egoera hobetze aldera.
Azaroaren 5ean entzun genuen lehen erantzuna: «Ez dago dirurik», eseri ere egin gabe. Jarrera honen aurrean guk txiton; gu langileak izan gara, guk ez dugu enpresa kudeatu. Momentu hartan, gure barrutik pasatu zen lehen aldiz ‘trakets’ hitza. Ondorengo egunetan, askotxotan etorri zaigu hitz hori bera.
Lanera joatea ez zen samurra izan, lan harremanak ezezik, harreman pertsonalak tarteko. Egunak joan, egunak etorri eta enpresa langileon hasierako demandari kasurik egin gabe; hau da, «mahai bueltan eseri eta hitz egin dezagun».
Egoera itsusiak izan dira, tentsio handikoak, pressing-a egon da, langileok banaka hartzen ahalegindu dira. ‘Trakets’ hitza berriro gure barruan. Esandakoak eta entzundakoak gure artean gelditzen dira.
Pasatakoak pasata, orain lasai gaude. Zintzo jokatu dugu, hala nahita; gure baitan, gure kontzientziarekin konforme gara.
Urtarrilaren 28an bidegabeko kaleratzea sinatu genuen; sos gutxi batzuk jaso, eta akabo!
Amaitzeko, gure esker ona eta errekonozimendua LAB sindikatuari.
–Amagoia Etxeberria eta Katrin Lizarralde (Zaldibia)