Igogailu bat baino gehiago: bazterketa isila Beasaingo geltokian

Beasaingo tren geltokiko igogailua berriz ere matxuratuta dago. Bi hilabete daramatza geldirik; aurretik, ia urte erdia egon zen erabiltezina. Ez da anekdota: egiturazko arazo baten seinale da. Ondorioa argia da: pertsona batzuek ezin dute trena hartu.
Mugikortasun arazoak dituztenentzat –adinekoak, desgaitasunen bat dutenak, haur-kotxeekin doazen familiak– igogailua ez da erosotasuna, ezinbesteko azpiegitura da. Hura gabe, eskailerek muga bihurtzen dute eta praktikan oinarrizko eskubidea ukatzen da, hau da, garraio publikoa erabiltzea, mugitzeko eskubidea, alegia.
Ohiko azalpenak –piezen espero, mantentze aurrekontua eskatuta, konponketa lanak martxan– gero eta ulertezinagoak dira arazoa behin eta berriz errepikatzen denean. Nola da posible azpiegitura kritiko bat hilabetez kanpoan egotea? Non dago prebentzioa eta erantzukizuna?
Geltokietako igogailuak sarri «osagarri» gisa tratatzen dira, baina garraio publikoa benetan publikoa izateko, irisgarria izan behar du, eta unibertsala. Bestela, bazterketa sortzen da, eta gehien kaltetzen ditu baliabide gutxien dituztenak.
Trena erabiltzen dutenen profila hauxe da: langile jendea, ikasleak, eguneroko joan-etorriak egin behar dituztenak. Askorentzat, aukera ekonomiko erreal bakarra da. Auto pribaturik ez dutenentzat, edo izatea garestiegia zaienentzat, trenak askatasuna ematen du. Baina igogailua matxuratuta dagoenean, askatasun hori eten egiten da. Eta alternatibak? Askotan ez dago, edo bada, garestiagoa da, konplexuagoa, edo zuzenean ezinezkoa.
Horregatik, konponketa puntualak ez dira nahikoa. Beharrezkoa da mantentze eraginkorra, erantzun azkarra eta ordezko irtenbideak. Irisgarritasuna eskubidea da, ez bigarren mailako kontua.
Beasaingo geltokiko igogailua ez da soilik makina bat. Gure gizartearen ispilu txiki bat da. Galdera sinple bat egiten digu: nor uzten dugu atzean? Eta erantzuna deserosoa bada, agian garaia da benetan zerbait aldatzeko.
Atzerapenak, maiztasun murrizketak, bagoien mantentzea eta egunero sufritzen ditugun bestelako arazo horiekin guztiekin ohitzen joan gara. Abiadura handiko trenaren etorrerak dena konponduko du!













