Imanol Lazkanori omena
Txomin Garmendia
Egun handia izan genduan
orain pozik ondorenak,
gutxiagorik etzun merezi
Imanol jaunan omenak.
Zorion eta bertsoak ziran
aitormen egin zutenak;
gaur paperean jarri nahi ditut
sortzen zaizkidan onenak.
Bai Imanolek berekin ditu
hainbat grazi ta talentu,
leku askotan luzitua da
badu naiko eskarmentu.
Igaro ditu taberna, plaza,
antzoki eta konbentu;
Ordizik beintzat aitortu dio
egon liteke kontentu.
Jakingo nuke Imanol horrek
gaur zer pentsatutzen duan,
nola larrosak ala arantzak
danetik bai da munduan.
Besteak-beste bertsolaritza
burutik ezin kenduan;
Bertso Elkarteko Lendakarire
bera izan bai genduan.
Zorionean gidari on bat
inguratu zan gugana,
aitortu bear itzal ederra
beti izan genduana.
Eskola on bat bada nunbaiten
berak ikasi zuana;
nola hasita nola ixildu
erakutsitzen duana.
Gazte garaiko ainbeste egun
oroituaz zartzaroan,
kontura gera sasoi on ura
zeñen aguro dan juan.
Atzo giñaden maiatzean da
pasa gera azaroan;
komeni bada maitetasun hau
izan bedi luzaroan.