Irakasle faxista bat Ordizian

Goierriko Ikasle Antolakunde Sozialistatik aurreko ostiralean martxan jarri genuen Oiangureneneko bigarren hezkuntzako zikloan aurkitzen den irakasle faxista baten aurkako kanpaina.
Irakasle honek, iruzkin desegokiak egiteaz gain, bere X (Twitter) kontutik, ideia arrazista, matxista, faxista, klasista, homofobo, transfobo eta erreakzionarioak zabaltzen ditu normaltasunez gure instagrameko kontuan zabaldu dugun bezala (@iasgoierri). Ez da irakasle hau gure eskualdean lanean dabilen lehen aldia, izan ere, aurreko urtean ere salatu genuen irakasle honen presentzia Beasaingo Txindoki institutuan.
Garbi dago ideia atzerakoi hauek guztiz zapaltzaileak direla eta ikasleon eskubide eta askatasun politiko zein sozialen aurka doazela. Hori dela eta jarri dugu martxan borroka hau, ikasleontzat arriskutsuak diren ideia hauek gure hezkuntza-interbentzio eremutik urrun mantendu eta faxismoaren aurkako euste horma indartsu bat antolatzeko gure ikastetxeetan.
Izan ere, hezkuntza ez dago bizitzen ari garen gorakada erreakzionarioaren eta honen eskutik datorren eskubide politiko eta sozialen zapalkuntzaren joeratik kanpo, eta hau honen adibide garbia da.
Era berean, egoeraren aurrean zuzendaritzak harturiko jarrera autoritarioa salatu nahiko genuke. Izan ere, joan den astean aurkeztu genuen ikasle asanbladaren ondoren, klase orduan gure militante bat ikasgelatik atera eta forma nahiko intimidatzaileetan, pertsona guztien ideiak errespetatu behar ditugula adierazi ziguten, bai eta egoera honen aurrean isilik egon behar dugula ere. Hori gutxi ez, eta gure askatasun eta eskubideak zapaltzen dituzten ideien aurka egiteagatik faxista batzuk ginela esan ziguten.
Ba barkatu baino ez, egoera honen aurrean ez gara isilduko eta ideia erreakzionarioak eta faxistak dituzten irakasleak gure ikastetxeetatik kanporatu arte ez gara geldituko. Hala, Oiangureneko zein eskualdeko gainerako ikastetxeetako ikasleei dei egiten diegu, ostegun honetan, urriaren 1ean, 11:15ean Oiangurenenen egingo dugun kontzentrazioan eta gainerako dinamiketan parte hartzera.
Faxismoaren eta gorakada erreakzionarioren aurrean ikasle langileok borrokara!













