‘Jainkoak gorde beza erregina’
Aitona galdu zitzaigun. Asteazkenean, eguraldi bikaina atera zen, eta arratsaldeko laurak aldera, Goierri aldera joan zen, «obrak ikustera». Larritu ginenerako ilunduta zegoen. 112ra deitu genuen eta gau beltzak kolore beltzagoa hartu zuen orduan. Ertzaintza etorri zitzaigun. Galduta geunden denok… Egun luze baterako prestatu behar genuela-eta, leher eginda oheratu ginen goizeko ordubiak aldera. Jende asko utzi genuen mendian, leiho parean argiak nonahi, oihuak Juanitori deika… Eta egunsentia iritsi zen. Eta itxaropena. Argia lagun, berehala aurkituko genuen. Berriro mendira… Baina, ke ba! Poliki-poliki, esperantzak alde egin zuen eta inpotentzia eta atsekabea nagusitu ziren. Lagunen deiak izan genituen etxean, lankideek animoa eman ziguten, korrikalariek entrenuan miaketari erreparatuko zietela esan ziguten, lagunak anaia zakurrarekin aterako zela agindu zigun, semearen lagunak arratsaldean Juanitoren bila hastekotan geratu zen, bizilagun mendizaleak gauean joateko gogoa erakutsi zuen… Osteguneko arratsaldeko laurak iritsi ziren. Etsita geunden, jada. Agertuko ote zen sekula? Derrepente, deia: «Aurkitu dute. Bizirik dago, eta onik». Zotinak ezin geratu emakumeon artean… «Gure jainkoa!», esan zuen amak; «Esaten nizuen ba mirariak existitzen direla?», lagun sinistunak. Bai, bai… Nahi duzuena. Jainkoak gorde beza erregina, baina, etxerako, nik zuek nahi zaituztet: 112 deiarekin mobilizatu zirenak, Granjan Juanito ikusi zutenak, oheratu eta, goizeko ordubatean, Babes Zibilekoen deia jaso eta, mendira irten [...]
Aitona galdu zitzaigun. Asteazkenean, eguraldi bikaina atera zen, eta arratsaldeko laurak aldera, Goierri aldera joan zen, «obrak ikustera». Larritu ginenerako ilunduta zegoen. 112ra deitu genuen eta gau beltzak kolore beltzagoa hartu zuen orduan. Ertzaintza etorri zitzaigun. Galduta geunden denok… Egun luze baterako prestatu behar genuela-eta, leher eginda oheratu ginen goizeko ordubiak aldera. Jende asko utzi genuen mendian, leiho parean argiak nonahi, oihuak Juanitori deika…
Eta egunsentia iritsi zen. Eta itxaropena. Argia lagun, berehala aurkituko genuen. Berriro mendira… Baina, ke ba! Poliki-poliki, esperantzak alde egin zuen eta inpotentzia eta atsekabea nagusitu ziren. Lagunen deiak izan genituen etxean, lankideek animoa eman ziguten, korrikalariek entrenuan miaketari erreparatuko zietela esan ziguten, lagunak anaia zakurrarekin aterako zela agindu zigun, semearen lagunak arratsaldean Juanitoren bila hastekotan geratu zen, bizilagun mendizaleak gauean joateko gogoa erakutsi zuen…
Osteguneko arratsaldeko laurak iritsi ziren. Etsita geunden, jada. Agertuko ote zen sekula?
Derrepente, deia: «Aurkitu dute. Bizirik dago, eta onik». Zotinak ezin geratu emakumeon artean… «Gure jainkoa!», esan zuen amak; «Esaten nizuen ba mirariak existitzen direla?», lagun sinistunak. Bai, bai… Nahi duzuena. Jainkoak gorde beza erregina, baina, etxerako, nik zuek nahi zaituztet: 112 deiarekin mobilizatu zirenak, Granjan Juanito ikusi zutenak, oheratu eta, goizeko ordubatean, Babes Zibilekoen deia jaso eta, mendira irten zena, etxean geratu zen emaztea, gure urduritasunarekin urduritu zena, udaltzain altua eta bere kideak, gure pozarekin poztu zena…
Eskerrak guztioi! Gaizki atera balitz, berdin eskertuko genukeen, baina ganora faltak ez zigun adierazten utziko. Jainkoak gorde beza erregina, baina, etxerako, zuek orain bezain gertu sentitzea nahi dugu. Eskerrik asko!
Koro Irastorza. Familiaren izenean.