Kalera kalera, borrokalariak gera
Ekaitz Goikoetxea (Beasain) Kaleak aspaldi utzi zion gorri izateari. Ilargi-izarren distira aski ez eta, etortzea ahaztuko zaion beldur edo, urteroko erritualari jarraiki, gauero-gauero, alderik alde zintzilikatutako bonpila urdin-berde-gorriz egiten diogu dei 2013ari. Badaezpada. Azaroaren 23an, astea Iruñean buruzurituta, kaletik etxerakoan barrendutako poza zen badaezpadakoa ez zena. Berriak berri Goierriko Hitza eta Diario Vasco-ko kroniketan; udaleko alderdi guztiek, guzti-guztiek ETAk Beasainen hildako bi ertzainen omenezko urteurren ekitaldian parte hartzera deitzen gintuzten beasaindar eta goierritar guztiok. Poza bi silabatan errenditu ezinik ibili nintzen maletak hustu eta sabela bete arteko denboran. Bizi izan nuen denbora baino ez zidan iraun. Nire poza ere etxerako hobea baita pasiorako baino. Arratsaldeko zazpietan, aita eta arreba lagun, belarritik belarrirako irribarrearekin inguratu nintzen memoriaren urteroko pausaleku dugun herri sarrerako biribilgunera. Nire irribarrea baina, berehala geratu zen ez irri eta ez barre. Inork deitu beharrik gabe aspalditxotik edonolako hilketa, tortura, bortizkeria ekintzak salatu izan ditugun betiko pare bat dozena herritar, dozena bat ordezkari politiko eta beste hainbeste kazetari. Eta zaharrak berri, lehenengoz espero nituen guztiak falta. Marka da gurea gero, egoten asmatzen dugunean ezin egin eta behin egingo eta egon ezin. Bokal bakar batek horrenbesteko lanak emango zizkigula pentsatzea ere! Deia egin eta ez etorri, nola deitzen zaio horri? [...]
Ekaitz Goikoetxea (Beasain)
Kaleak aspaldi utzi zion gorri izateari. Ilargi-izarren distira aski ez eta, etortzea ahaztuko zaion beldur edo, urteroko erritualari jarraiki, gauero-gauero, alderik alde zintzilikatutako bonpila urdin-berde-gorriz egiten diogu dei 2013ari. Badaezpada.
Azaroaren 23an, astea Iruñean buruzurituta, kaletik etxerakoan barrendutako poza zen badaezpadakoa ez zena. Berriak berri Goierriko Hitza eta Diario Vasco-ko kroniketan; udaleko alderdi guztiek, guzti-guztiek ETAk Beasainen hildako bi ertzainen omenezko urteurren ekitaldian parte hartzera deitzen gintuzten beasaindar eta goierritar guztiok. Poza bi silabatan errenditu ezinik ibili nintzen maletak hustu eta sabela bete arteko denboran. Bizi izan nuen denbora baino ez zidan iraun. Nire poza ere etxerako hobea baita pasiorako baino.
Arratsaldeko zazpietan, aita eta arreba lagun, belarritik belarrirako irribarrearekin inguratu nintzen memoriaren urteroko pausaleku dugun herri sarrerako biribilgunera. Nire irribarrea baina, berehala geratu zen ez irri eta ez barre. Inork deitu beharrik gabe aspalditxotik edonolako hilketa, tortura, bortizkeria ekintzak salatu izan ditugun betiko pare bat dozena herritar, dozena bat ordezkari politiko eta beste hainbeste kazetari. Eta zaharrak berri, lehenengoz espero nituen guztiak falta.
Marka da gurea gero, egoten asmatzen dugunean ezin egin eta behin egingo eta egon ezin. Bokal bakar batek horrenbesteko lanak emango zizkigula pentsatzea ere! Deia egin eta ez etorri, nola deitzen zaio horri?
Udazkeneko ipar-haizeak ebatsitako poza berreskuratzeko beste egokiera bat eskain ziezadakeen igandeak, baina asteburua izaki, ostiraleko lepotik burua igandeak ere. Hogeita bost zituen azaroak, zazpi arratsaldeak. Herrian sekulako lana egiten ari den ASMUBE emakume taldearen ekimenez, genero-indarkeriaren kontrako elkarretaratzea plazapean. Eta gu han, gure errima eta isiluneekin bat egin izanaren pozez, baina oraindik astintzerik izan ez dudan penaz, betiko lau dozenak baikeunden eta gure adin jirako eta gazteagorik apenas. Badakizue, egiten zuen hotzarekin eta telebistan Irujo eta Olaizola aurrez aurre izanda, tabernan bezala inon ez.
Astelehenak igandera arte luzatzen zaizkigun herrian bizi gara, basakerien aurrean baxoerdiak hobesten dituen herrian. Gazteagotan Kalera, kalera, borrokalariak gera zeruratzen genuen airea ere lur jota dabil aspaldian, ez kale eta ez borroka.
Noiz arte, noiz arte jarraitu behar dugu kaleari kale egiten?