Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren itzalean, Kilometro?Bertikala ere ari da bere ibilbidea egiten. Aurten dagoeneko 4. edizioa izango du ‘proba motzak’. Vertical Kilometer World Circuit-erako eta Skyrunner National Series 2018rako proba puntuagarria izango da, eta horrek, bertakoen artean ez ezik, kanpokoentzat ere erakargarri egiten du lasterketa. 16:00etan abiatuko dira korrikalariak Zegamatik, eta Arriaundin hasiko da kronometratutako zatia; Irauleraino, 3 kilometroko eta 1015 metroko desnibela duen zatia osatu beharko dute.
Proba horretan lehen euskaldunen artean aritzeko faboritoetako batzuk dira Imanol Goñi eta Aitziber Ibarbia. Goierritarren artean berriz, Igone Campos zumarragarrak eta Ivan Sanjuan zegamarrak ere eman dezakete zer esana. Entrenamendu saioen, orain arteko sentsazioen eta ostiraleko probarako dituzten helburuen inguruan hitz egin dute laurek:
«Iazkoa gogorra egin zitzaidan; aurten hura hobetzea dut helburu»
Igone Campos (Zumarraga)
Aurtengoa urte borobila izaten ari da Igone Campos zumarragarrarentzat. Dinafyt markak antolatzen duen Mountopia lehiaketa irabazi du, eta horri esker, bere ametsetako bat bete ahal izan du, Alaskara bidaia eginda.Saria «ezustean» etorri zitzaiola dio, eta «sekulako esperientzia» izan dela. Negua berriz, mendiko eskia egiten pasa du, euskal selekzioarekin. Hori dela eta, «kosta» egin zaio mendi proben denboraldia behar bezala hastea. «Goraka oso indartsu sentitu naiz, baina beherakoan kilometro falta izugarria sumatu dut».
Aurtengo Kilometro Bertikalerako helburu nagusia,?«iazkoa hobetzea» izango du. Aurreneko esperientzia izan zuen iazkoa, eta «gogorra» egin zitzaiola aitortu du. «Bero handia egin zuen, eta ibilbidea luze egiten da, basoko zatian denbora asko egiten da, eta handik irtendakoan badirudi segituan bukatuko dela, baina gero kosta egiten da». Iaz 54 minututik gora behar izan zituen ibilbidea osatzeko, eta aurten «50 inguruan» ibili nahiko luke. «Erronka polita da eta ahal duguna egingo dugu».
«Proba esplosiboa da, dena eman behar da eta 45 minutuz topera joan»
Iban Sanjuan (Zegama)
Iban Sanjuan zegamarrak ere bigarren aldia izango du aurten. Proba «esplosiboa» dela dio, eta «dena eman» behar dela, 45 minutuan «topera» joan behar baita. Iazko esperientziak hobetzeko balioko diola uste du: «iaz zati lauetan denbora pixka bat galdu nuen; hor korrika egin behar da, eta zati horietara hobeto iristen saiatuko naiz aurten». Gainontzean, zatirik handiena «oinez» egin behar dela dio, «baina ahal den azkarrena».
Entrenamenduei dagokionean, ez du mendiko lasterketetarako prestaketa berezirik egiten. «Bizikletan nabil eta hau izango dut lehen proba mendian». Hala ere, «sentsazio onak» dituela dio, eta Zegamako giroa bizi eta «festa horren parte» izateko gogotsu dagoela.
Aurten bera izango da kilometro bertikaleko zegamar bakarra: «Arraroa da, dagoen afizioarekin beste inor ez apuntatzea». Bere ustez, «ateratzerako herriko lehena izateak ez du lehiatuta bezainbesteko grazia», baina zegamarren izena toki onean uzten saiatuko da.
«Oraindik ez nago bete-betean; neure burua neurtzeko balioko dit»
Aitziber Ibarbia (Zizurkil)
Euskal Selekzioko kidea eta aurtengo proban palmaresik beteenetakoa duen korrikalarietako bat da Aitziber Ibarbia zizurkildarra. Hala ere, ez du bere burua faboritoen artean ikusten: «hori esan duenak ez nau aurten ikusi!». Izan ere, denboraldi hasiera aldrebesa izan du Ibarbiak, pneumoniak jota hilabetez geldirik egon behar izan baitzuen. «Pneumoniatik osatu nintzen, baina oraindik forma hartu nahian nabil». Ez zuen bere burua maratoirako moduan ikusten, baina kilometro bertikalean «badaezpada» izena emanda zegoen, eta aurten proba egin nahi du. «Bertikaletan ibilitakoa naiz baino oraingoan probatzera nator. Oraindik ez nago bete-betean eta neure burua neurtzeko modu bat ere izango da».
Ez du ibilbidea ezagutzeko aukerarik izan, baina sarean bideo batzuk ikusi ditu, eta «ibilbide polita» ematen duela dio. Helburua «lasterketa polit bat egitea» izango dela azaldu du, batez ere bete-betean ez dagoela jakinda.
«Helmuga moduan jarria dut Zegama; dena ematera eta apurtzera joango naiz»
Imanol Goñi (Iruñea-Ea)
Kilometro Bertikaleko?Espainiako Txapelketan bigarren postua lortu berritan dator Imanol Goñi, Ean (Bizkaia) bizi den iruindarra. Zegamako Kilometro Bertikalean ere, aurreneko euskalduna izan zen iaz, eta aurten ere, goiko postuak izango ditu jomugan. «Helburu moduan jarria dut Zegama, eta jarrera dena ematearena eta apurtzera joatearena izango da». Aurreneko 10 postuetan sartu nahi du, eta ahal bada, lehenengo bostetan; baina hori, kanpotik datorren korrikalari kopuruaren araberakoa izango dela uste du. «Euskaldunen artean podiumeko borrokan izango naiz, baina kanpoko asko badatoz ikusi beharko da».
Lasterketa «mentala» dela uste du Goñik, eta zentzu horretan, iaztik ibilbidea ezagutzeak «indarrak neurtzen lagundu» diezaiokeela. Entrenamendu laburrak egin dituela dio, «txisparekin» iristeko. Urduritasuna nabaritzen ere hasia da dagoeneko, baina gogotsu dago ostiralerako.