Koldobike zinera gonbidatzen zaitut
Harrituta uzten nauzue. Esan dizkidazuenak bidegabeak dira eta merezi ez ditudala uste dut. Eztabaida konstruktiboa nahi dut. Plataforma joan den astean antolatu nituen bi agerraldi publikoetara joan izan balitz, Sasietako datuak bakarrik erabili ditudala ikusiko zuen.
Ikuskatzeak bere denbora behar du. Martxoaren 12an argi eta garbi esan nizuen nire izenean hitz egiten nuela eta ez nintzela inoren ordezkari. Hitz egiteko eta entzuteko prest joan nintzen eta gauza bera espero nuen zuengandik. Edo lehenengo bileran Sasietako baskulako giltzekin agertuko nintzela uste zenuten? Ez zarete ba, hain inozoak izango! Kontuan izan bere iritzia jendaurrean ematera ausartu den herritar xume bati bota diozuela erronka.
Erronkan interesatuta eta konprometituta jarraitzen dut. Baina nire konpromisoa ez da Plataformaren aginduetara bufoi kontakatilu gisa aritzeko. Ez dut inoren txotxongiloa izatea onartuko.
2014ko urtarrilean, Plataformak 4.202 ontzi zenbatu zituen eta Sasietak 5.653. Hileko aldea: 1.451 ontzi. Ikuskaritzan sakondu aurretik ezinbestekoa da ontzi-kopuru horien artean dagoen aldea argitzea. Horregatik eskatu dizuet egunero ikuskatzen dituzuen zenbaketa-puntuen zerrenda. Nire asmoa informazio hori Sasieta mankomunitatearekin alderatzea da.
Ikuskaritza-prozesuaren objektibotasuna ziurtatu beharra aipatzen zenuten, baina orain ezetz esaten duzue. Ez dut zuen egoskorkeria ulertzen. Burua jausgailu bat bezalakoa da, irekitzen bada bakarrik da baliagarria.
Gauza asko dugu elkarri esateko, Koldobide; baina modu pribatuan ezin dugula egin erakutsi didazu. Horregatik, datorren apirilaren 8an, arratsaldeko 19:00etan, zinera joatera gonbidatzen zaitut.
Parte hartu nahi duten herritar guztiak publiko gisa eztabaida ireki honetara gonbidatzen ditut.
Koldobide: Ez hutsik egin! Elkarrizketa arrazionala zain daukagu.
Migel Anjel Markotegi.
Legazpiko bizilaguna.